Mundua -

'Brexit'

Europar Batasunak eta Erresuma Batuak 'brexit'aren inguruko akordioa adostu dute

EBko 27 estatuburu eta gobernuburuek oniritzia eman diote itunari, eta Westminsterren esku utzi dute berresteko eta hurrengo urratsa egiteko ardura.

Jean-Claude Juncker Europako Kontseiluko presidenteak iragarri du. Argazkia: EFE
'Brexit'aren eta Europar Batasunaren noranzko ezberdineko bi seinale
Jean-Claude Juncker Europako Kontseiluko presidenteak iragarri du. Argazkia: EFE

1:38

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunak eta Erresuma Batuak akordioa adostu dute azkenik brexitaren harira, Jean-Claude Juncker Europar Batzordeko presidenteak gaur (osteguna) Bruselan iragarri duenez, Europako goi-buruak 'brexit'aren harira egiten ari diren bileraren baitan. 

Horrenbestez, haustura adostua gauzatzeko akordioa lortu dute Europako Batzordeak eta Boris Johnsonen Gobernuak.

"Negoziatzaileek Irlanda eta Ipar Irlandarako protokoloaren eta adierazpen politikoaren (etorkizunera begira oinarrizko harremanak ezartzen dituena) inguruko akordioa lortu dute", jakinarazi dio Europako Batzordeko presidenteak Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteari.

Beraz, Ipar Irlandari eragiten dion protokoloaren oztopoa gainditu dute; Londresek erabat ukatzen baitzuen EBk Irlandarako hasiera batean ezarritako babesa, baina Europar Batasunak ezinbestekotzat jotzen zuen babes hori; alde batetik, uhartean mugak saihesteko eta, bestetik, Merkatu Bakarraren segurtasuna babesteko.

Hori horrela, Europar Batasunak Ipar Irlandaren babesaren harira testu juridiko loteslea eskatu Londresi, aldaketak modu sinesgarri eta egingarrian gauzatzeko.  

Akordioak Europako Kontseiluaren eta Britania Handiko Gobernuaren "onespena" dauka, Johnsonek Junckerri telefonoz goizean goiz jakinarazi dionez.

"Kontrola berreskuratzeko akordio garrantzitsua lortu dugu"

"Borondatea dagoenean, adostasunak heltzen dira: akordioa dugu. Europar Batasunarentzat zein Erresuma Batuarentzat justua eta orekatua da, eta irtenbideak bilatzeko hartu dugun konpromisoaren erakusle da", esan du Junckerrek sare sozialetan. Ildo horretan, Estatu eta Gobernu-buruei akordioa babesteko eskatu die Junckerrek.

"Kontrola berreskuratzeko akordio garrantzitsua lortu dugu. Parlamentuak brexita onartu beharko luke datorren larunbatean, gure lehentasunen alde lan egiten jarraitzeko; esaterako, bizitzaren kostua, osasun sistema nazionala, indarkeriazko hilketak edo ingurumena", idatzi du Jonshonek Twitterren.

Londresen esanetan, "egun gutxi barru" lortu dezake Parlamentuaren berrespena; larunbatean biltzekoak baitira Komunen Ganberan. Europako Parlamentua, berriz, datorren astean bilduko da akordioa bozkatu eta urriaren 31 baino lehen prest izateko.

EBko buruzagiek oniritzia eman diote

Europar Batasuneko 27 buruzagiek oniritzia eman diote Londresek eta Bruselak adostutako itunari, eta Parlamentu britainiarraren esku utzi dute ituna dagokion datan indarrean sartzeko ardura.

Estatuburu eta gobernuburuek onartutako dokumentuan Europako Batzordeak eta Boris Johnsonen Gobernuak egindako akordio berria babestu dute, eta bi aldeen arteko harreman berrirako markoa ezartzen duen adierazpen politikoa onartu dute.

Buruzagi europarren oniritziak Komunen Ganberak eta Europako Parlamentuak berresteko prozesua ireki du. Bi erakundeek onartu behar dute testua, eta azken pausoa estatu kideengana itzuliko da.

DUPek ez du bere jarrera aldatuko

Ipar Irlandako DUP alderdi unionistak, brexiterako akordioaren giltza duenak, esan du ez duela onartuko Erresuma Batuak EBrekin lortu duen akordioa.

Lortutako akordioaren harira DUPeko iturriek hedabide britainiarrei jakinarazi dietenez, euren jarrera ez da aldatu. "Aurreko agirian adierazitakoari eusten diogu", esan dute.

Belfastek ere muga fisikoak saihesteko babesari eusten dion bozkatu ahalko du

Ipar Irlandako Asanbleak indarrean sartu eta lau urtera bozkatu ahal izango du uhartean muga fisikoak saihesteko babesa mantentzen duen ala ez, brexitaren trantsizioa amaitu ostean, Michel Barnier Europako brexitaren negoziatzaileak jakinarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita