Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Hauteskundeetan esku hartu nahi izatea egotzi dio Inteligentziako kide batek Trumpi

Salaketaren arabera, Donald Trumpen abokatua eta AEBko Fiskal Nagusia ere nahasita egongo lirateke 2020ko hauteskundeetako emaitzetan eragiteko ahaleginean.  

Donald Trump. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump.
Donald Trump. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2020ko hauteskundeetan beste herrialde baten bidez esku hartu nahi izatea egotzi dio Ameriketako Estatu Batuetako Inteligentzia Zerbitzuko kide batek Donald Trumpi. Kongresuko Inteligentzia Batzordeak ostegun honetan eman du salaketa anonimo horren berri.

"Eginkizun ofizialetan ari nintzela, AEBko Gobernuko hainbat funtzionarioren informazioa jaso dut 2020ko hauteskunde presidentzialetan eragiteko asmoz AEBko presidentea bere ahalmena erabiltzen ari dela ohartaraziz", dio Inteligentzia Zerbitzuko langileak abuztuaren 12ko data daraman salaketan.

Testigantza horren arabera, hauteskundeetan esku hartzeko, besteak beste, Trumpek "atzerriko herrialde bati presio egiten dio bere arerio politiko nagusietako bat iker dezan".

Gainera, Donald Trumpen abokatua –Rudolph W. Giuliani- eta AEBko Fiskal Nagusia –William P. Barr- ere 2020ko hauteskundeetako emaitzetan eragiteko ahalegin horretan nahasita egongo liratekeela dio salaketak.

Azken egunotan zabaldutako informazioa aintzat hartuta, Joe Biden AEBko presidenteorde ohia ikertzeko eskatu zion Trumpek Ukrainako Vladimir Zelenski presidenteari. Alderdi Demokrataren primarioak irabazteko faborito nagusia da Biden eta, ondorioz, Trumpen arerioa izango litzateke AEBko presidentetza eskuratzeko lehian.  

Asteazkenean, Etxe Zuriak publiko egin zuen Trumpek eta Zelenskik uztailaren 25ean telefonoz izaten zuten elkarrizketaren transkripzioa.

Inteligentzia Zerbitzuko langilearen salaketaren arabera, Etxe Zuriko abokatuek hala aginduta, transkripzio hori ohikoa ez den zerbitzari informatiko batean gorde zuten, inork eskuratzea oztopatzeko asmoz.

"Transkripzioa  Estatuaren segurtasun nazionala arriskuan jar dezaketen informazioa gordetzeko zerbitzari batean sartu zuten, baina dei horrek ez zuen ezer Estatuaren segurtasuna kolokan jartzeko", dio salaketan.

Trumpen abokatuari dagokionez, Rudolph W. Giulianik auzi honetan "paper erabakigarria" daukala azpimarratu du eta, Joe Biden semea –Ukrainako gas konpainia bateko aholkularia izan zen- iker zezaten goi-kargu ukrainarrekin hainbat bilera egin zituela ziurtatzen du.

Horrez gain, salaketak dio Trumpek laguntza militarra ukatu ziola Ukrainari, herrialde horretako Fiskaltzak Biden semea ikertzeari uko egin ziolako.  

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Hauteskundeak Joe Biden azken albisteak Zelenski albisteak