Mundua -

Venezuela

27 urteko emakume bat hil dute Venezuelan, protesten bigarren egunean

Astearteko estatu kolpe saiakeraren ondorengo istiluetan hil duten bigarren pertsona da. Asteartean, 24 urteko pertsona bat hil zuten Aragua estatuan. Dagoeneko 130dik gora dira zauritutakoak.

Manifestarien eta poliziaren arteko aurrez aurrekoa, Caracasen. Argazkia: EFE
Manifestarien eta poliziaren arteko aurrez aurrekoa, Caracasen
Manifestarien eta poliziaren arteko aurrez aurrekoa, Caracasen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelan, astearteko estatu kolpe saiakerak porrot egin bazuen ere, istiluek bere horretan diraute. Gatazka Sozialaren Venezuelako Behatokiak zabaldutako informazioaren arabera, 27 urteko emakume bat hil da asteazken honetan ospitalean, protestetan tiro bat jaso ostean. Gauzak horrela, azken protestak hasi zirenetik dagoeneko bi pertsona hil dira.

Gobernuz kanpoko erakundeak Twitter bidez zabaldutako mezuan, Jurubith Rausseo Garcia gaztearen hilketa gaitzetsi du. Horren arabera, Altamiran egindako manifestazio batean tiro bat jaso du buruan.

Gainera, gutxienez 130 pertsona zauritu dira herrialde osoan segurtasun indarren ekintzen ondorioz.

Bestalde, Provea gobernuz kanpoko erakundearen arabera, astearteko mobilizazioetan 24 urteko gazte bat hil zuten Aragua estatuan. Erakundearen esanetan, lekukoek Maduroren aldeko paramilitarrei egotzi diete hilketa.

Milaka venezuelar kalera atera dira, Guaidok eta Madurok deituta

Milaka pertsona kalera atera dira asteazken honetan Venezuela, Nicolas Maduro presidenteak eta Juan Guaido oposizioko buruak deituta, astelehenean Guaidok berak kolpe militarra sustatu eta gero.

Guaidok Caracaseko 14 gunetan deitu ditu herritarrak, Maduro erorarazten saiatzeko, eta bera ere protesta horietako batean agertu da.

Guaidok greba orokor deialdia egin du ostegun honetarako, mila pertsona ingururen aurrean. “Bihar ‘Askatasun Sindikal Operazioa’ hasiko da”, adierazi du.

Oposizioko buruak txalotu egin du milaka pertsona kalera atera izana, “Gobernuaren larderia gorabehera”.

Guaidok ez du zehazki aipatu atzoko kolpe militar saiakera, baina protestak deitzen jarraituko duela ohartarazi du, Madurok dimisioa eman arte.

Beste martxa batean, Segurtasun Indarrek gas negar-eragilea jaurti dute manifestariek aurka, eta protestariek molotov koktelak eta harriak jaurti dituzte.

Chavismoak ere bat egin du Maduroren deiarekin, eta presidentearen jauregiaren inguruan bildu da, kolpe militar saiakerari erantzuna emateko.

"Langile klasea mobilizatu egin da herrialde osoan bere eguna ospatzeko eta bere lorpenak defendatzeko; martxa horrekin, EZETZ esango die kolpisteei eta EZETZ yankeen esku-hartzeari", idatzi du presidenteak Twitterren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Latinoamerika Nicolás Maduro Internet Juan Guaidó Leopoldo López Mendoza