Mundua -

Venezuela

Guaidok Leopoldo Lopez askatu, eta kolpe militarra deitu du Maduroren aurka

Estatu-kolpe saiakeraren ondotik, istiluak izan dira Caracasen. Armadaren "leialtasun osoa" daukala azpimarratu du Madurok. Leopoldo Lopez Txileko enbaxadara joan da.

Juan Guaido eta Leopoldo Lopez, Caracasen egindako manifestazioan. Argazkia: EFE
Juan Guaido eta Leopoldo Lopez, Caracasen egindako manifestazioan.
Guaidok kolpe militarra deitu du Maduroren aurka Venezuelan

3:24

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Guaido Venezuelako oposizioko buruak Nicolas Maduro Gobernutik kentzeko kolpe militarra deitu du, chavismoaren aurkako militarrek Leopoldo Lopez oposizioko kidea askatu eta gero. Lopez 13 urteko zigorra betetzen ari zen, etxean, Caracasen.

Matxinadarako deiaren ondotik, mobilizazioak eta istiluak izan dira Caracasen, baina, Venezuelako Armadako buruzagiek Maduroren ondoan jarraitzen dute eta kuarteletan ez da mugimendurik izan, oraingoz behintzat.

Guaidok berak iragarri du albistea, Twitterreko bere kontuan zabaldutako bideo batean. Grabazioan militarrez inguratuta azaltzen da Guaido, Lopez atzean duela. Nabarmendu duenez, militarrak berarekin ditu "Maduroren usurpatzea eteteko azken faseari ekiteko" ('Askatasun Operazioa' deitu du).

"Gaur hasi da usurpatzea eteteko azken fasea", nabarmendu du, eta Maduroren aurka altxatzeko eskatu die militarrei.

"Asko dira militarrak. Familia militarrak pauso bat aurrera eman du. Entzuten ari diren guztiei esan nahi diet: hauxe da unea. Lasaitasunez, ausardiaz eta zentzutasunez jokatu behar dugu Venezuelara barealdia hel dadin. Jainkoak bedeinka zaitzatela, aurrera jarraituko dugu. Venezuelan demokrazia eta askatasuna berreskuratuko ditugu", adierazi du.

Guaidok kalera irteteko eskatu die bideoan Venezuelako herritarrei: "Badakigu herria alde dugula, baita militarrak ere. Indar armatuak herriaren, Konstituzioaren alde daude".

"Venezuelako presidente eta Indar Armatuen buruzagi legitimoa naizen aldetik soldadu guztiei, familia militar guztiari, egiten diet deia balentria honetan laguntzeko beti egin izan dugun moduan: Konstituzioaren baitan eta indarkeriarik gabe", erantsi du Guaidok.

BIDEOA | Leopoldo Lopez oposizioko kidea askatu dutela iragarri du Juan Guaidok

Maduroren 'usurpazioarekin' aurkako 'azken fasea' iragarri du Guaidok
Maduroren 'usurpazioarekin' aurkako 'azken fasea' iragarri du Guaidok
Maduroren 'usurpazioarekin' aurkako 'azken fasea' iragarri du Guaidok

3:22

Bideoa zabaldu eta gutxira Caracas kanpoaldeko etorbide batean bigarren agerraldi bat egin du Guaidok. Azaldu duenez, "Indar Armatuen talde zabal baten babesa" du, eta ez bakarrik hiriburuan, "herrialde guztian zehar".

Horrez gain, iragarri du arrazoi politikoengatik preso dauden zibil eta militar guztiei amnistia emateko dekretu bat onartu duela. Indultu horri esker askatu omen dute Leopoldo Lopez bera.

Lopezek ere adierazpenak egin ditu: "Zaintzaileak ditut lagun, eta ziur naiz militar gehiago batuko zaizkiela". Herritarrei ere kalera ateratzeko deia egin die Guaidok, Maduroren kontrako "lehen fasea amaitzeko" eta boteretik kentzeko.

Armadaren "leialtasun osoa" duela ziurtatu du Madurok

Bien bitartean, Jorge Rodriguez Venezuelako Komunikazio ministroak iragarri du "militar traidoreen talde txiki bati aurre egiten eta indargabetzen" ari direla.

"Venezuelako herriari esaten diogu une honetan: militar traidoreen talde txiki bati aurre egiten eta indargabetzen ari gara; Konstituzioaren eta Errepublikako bakearen kontrako Estatu Kolpe bat bultzatzeko jarrera hartu dute Altamira Banalekuan", esan du ministroak Twitterren.

Nicolas Madurok ere Twitter bidez hitz egin du, eta Guaidoren estatu kolpe saiakerari "altzairuzko nerbioekin" aurre egitea eskatu du Venezuelako presidenteak. Halaber, Indar Armatuetako komandante nagusien "leialtasuna" duela ziurtatu du.

Defentsa Eskualde (Redi) eta Defentsa Integraleko Zonalde (Zodi) guztietako komandanteekin hitz egin duela azpimarratu du Madurok. "Herriari, Konstituzioari eta aberriari leialtasun osoa" adierazi diete.

"Bakearen garaipena ziurtatzeko herriaren mobilizazio handia nahi dut. Irabaziko dugu!", aldarrikatu du presidenteak Twitter sare sozialean.

BIDEOA | Venezuelako Armadako tankeek manifestari talde bat harrapatu dute:

Venezuelako Armadako tankeek manifestari talde bat harrapatu dute
Venezuelako Armadako tankeek manifestari talde bat harrapatu dute
Venezuelako Armadako tankeek manifestari talde bat harrapatu dute

7:04

La Carlota base militarren hasi da matxinada

Juan Guaidok La Carlota base militarretik egin du altxamendurako deia goizean goiz, Leopoldo Lopez eta Maduroren aurkako militar talde bat ondoan zituela.

Alabaina, eta EFE agentziak zabaldu duenez, gainerako militarrak barruan geratu dira, Madurorenganako leialtasunari eutsiz. Eta orain, inguru horretan, istiluak izaten ari dira, hainbat manifestari joan baitira haraino.

Guaidori babesa erakutsi dioten militarrak 40 bat dira, baina oraingoz ez dute zehaztu herrialdeko beste kuartel batzuetan matxinadarik izan den edo ez.

EFEren arabera, Guaidoren aldeko militarrek hainbat aldiz airera tiro egin dute, eta Maduroren aldeko soldaduek gauza bera egin dute gero. Horren ondotik gas negar-eragileak jarri dizkiote elkarri.

Hau guztia Maduroren aurkako manifestariak La Carlota base militarrera iritsi aurretik gertatu da.

BIDEOA | Juan Guaidoren jarraitzaileek autobusak erre dituzte Caracasen:

Juan Guaidoren jarraitzaileek autobusak erre dituzte Caracasen, Venezuelan
Juan Guaidoren jarraitzaileek autobusak erre dituzte Caracasen, Venezuelan
Juan Guaidoren jarraitzaileek autobusak erre dituzte Caracasen, Venezuelan

3:21

Guaidok manifestaziotik alde egin du, eta Lopez Txileko enbaxadan babestu da

Matxinadarako deiaren berri izan ostean, Guaidoren jarraitzaileak Caracasen eta Venezuelako beste hainbat tokitan –Carabobo, Zulia edo Lara estatuetan, esaterako- mobilizatu dira.

Hasiera batean La Carlota base militarrean bildu dira, eta gero Altamira auzora ere joan dira, oposizioaren gotorlekutzat jotzen den auzora, hain zuzen ere. Toki batetik bestera kilometroko tartea dago.

La Carlotan, Guaidoren aldekoek molotov koktelak eta harriak jaurti dituzte militarren aurka, eta soldaduek gas negar-eragileak eta perdigoiak botata erantzun dute. Base militarrean sartzen saiatu dira manifestariak.

Altamirako plazatik abiatu da oposizioaren manifestazioa, Miraflores Jauregirako noranzkoan, helmuga Venezuelako Presidentziaren egoitza ote zen argitu ez badute ere.  

Guaido eta Lopez joan dira manifestazioaren buruan. Madurok militar "gutxi batzuen babesa" baino ez duela azpimarratuta, soldadu horien zain kalean izango direla agindu dute, eta mobilizazio mugagaberako deia egin diete herritarrei.

Hala ere, istiluak eta manifestarien aurkako oldarraldiak hasi direnean, biek ala biek handik alde egin dute.  

Aurrez, Guaidok esan du asteazken honetan ere protestak izango direla eta erantsi du datozen orduetan jakinaraziko dituela bere ibilbide-orriaren xehetasunak.

Horrela, Leopoldo Lopez Txilek Caracasen duen enbaxadan babestu da. Lilian Tintori emaztea eta alaba ere bertan dira goizaldeaz geroztik.

Ildo berean, hogei bat militarrek Brasilgo enbaxadan sartzeko baimena eskatu dutela iragarri du Bolsonaroren Gobernuak.

Caracaseko manifestazioa desegintzat eman dute, baina Venezuelako hiriburuan eta beste hainbat hiritan protestak eta istiluak izaten ari dira.

EFE agentziaren arabera, estatu-kolpe saiakeraren ondorioz izan diren liskarretan gutxienez 69 pertsona zauritu dira.

BIDEOA | Nahasmena eta tentsioa goraka, Caracasen:

Nahasmena eta tentsioa gora doaz Caracasen
Nahasmena eta tentsioa gora doaz Caracasen
Nahasmena eta tentsioa gora doaz Caracasen

1:29

Nazioarteko herrialde gehienak, estatu-kolpearen alde

Bestalde, nazioarteko komunitateko gobernuen gehiengoak babestu egin du Nicolas Maduro presidentea boteretik kentzeko Juan Guaidok bultzatu duen estatu-kolpe saiakera.

Guaidoren alde agertu diren herrialdeak hauek dira: Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua, Frantzia, Kolonbia, Costa Rica, Panama, Peru, Argentina, Txile eta Brasil.

Gainera, Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak ondoko mezua zabaldu du Twitter bidez: "Venezuelan demokrazia eta askatasuna ezartzeko une historikoa da. Aurrera Venezuela librea!".

Nicolas Madurok, berriz, Bolivia, Nikaragua eta Mexikoren babesa dauka. Hiru herrialde horiek estatu-kolpe saiakera errefusatu eta Venezuelako krisi politikoari irtenbide baketsua emateko deia egin dute.

Errusia, Turkia eta Txina ere ondoan ditu Madurok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Latinoamerika Nicolás Maduro Juan Guaidó Leopoldo López albisteak