Mundua -

Istlluak, Frantzian

Beste protesta egun bortitz baterako prestatzen ari da Frantziako Gobernua

Erregaiaren zerga behin betiko bertan behera utzi du Macron presidenteak, baina protestek jarraitu egin dute. Gobernuak "ohiz kanpoko bitartekoak" mobilizatuko ditu larunbatean.

Istiluak, Parisen. Argazkia: EFE
Macronek bertan behera utzi du erregaiaren zerga
Frantziak 89.000 polizia jarriko ditu larunbatean, protesten aurrean

1:03

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erregaiaren zerga behin betiko bertan behera uzteko erabakia hartu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Zerga hori aurreikusitakoa baino sei hilabete geroago igoko zuela iragarri zuen asteartean, baina, azkenik, "txaleko horiek" eragindako egonezina baretze aldera, bertan behera utziko duela jakinarazi du.

Eliseoko bozeramaileek eman dute erabaki horren berri. Dirudienez, Frantziako Gobernuak ez zuen beste irtenbiderik azaroaren 17an "txaleko horiek" abiatutako manifestazioak gelditzeko.

Izan ere, abenduaren 1ean Parisen bizitako liskarrak berriro gertatzea saihestu nahi zuen Macronek, datorren larunbatean ere manifestazioa egiteko asmoa baitzeukaten "txaleko horiek".

Halaber, herritarren haserrea baretzeko eta horrek eragindako tentsioa ekiditeko, Gobernuak hartutako beste bi neurriren berri eman zuen asteartean: argindarraren eta gasaren tarifak bere horretan uztea.

Aitzitik, Macronek ez zuen "txaleko horien" aldarrikapen nagusienetako baten aurrean amore eman, alegia, ez zuen onartu ondasunaren gaineko zerga berrezartzea.

Zerga hori 1,3 milioi eurotik gorako ondarea zeukatenek ordaintzen zuten, baina 2018an baliogabetu egin zuten, dirutza handi horiek atzerrira eraman ez zitzaten eta Frantzia inbertitzaileentzat erakargune izan zedin.

Protestek aurrera jarraitzen dute Estatu osoan

Momentuz, istiluek jarraitu dute ostegunean zehar. Aix-en-Provencen istiluak izan dira 150 lizeoetan, eta Tolosan (Okzitania), gutxienez polizia bat zauritu da ikasleekin izandako borroketan. Gainera, beste talde batzuek ere, nekazariek bezala, "txaleko horiei" batu egingo zaizkiela iragarri dute.

Benjamin Cauchyk, "txaleko horien" bozeramaileetako batek, ostiral arratsaldean Macronekin ostiral arratsaldean biltzea eskatu du, Eliseoan. "Ateak ireki behar dizkigu", esan du, ohartaraziz Estatua "gerra zibil batetik gertu" dagoela. "Ez dugu asteburu honetan hildakorik egotea nahi", gehitu du.

MONTPELLIER FRANCIA PROTESTA ESTUDIANTES IKASLEAK EFE

Ikasleen protesta Montpellierren / Argazkia: EFE.

Gobernua, prest beste protesta egun baterako

Edouard Philippe lehen ministroak larunbateko "txaleko horien" protesten aurrean "ohiz kanpoko bitartekoak" mobilizatuko dituela iragarri du, Parisen deialdia indarkerian bukatuko den beldur.

Guztira, segurtasun indarren 89.000 kide, horietako 8.000 Parisen. Jendarmeriaren hamar ibilgailu blindatu erabiliko dituztela iragarri du, lehenengo aldiz 2005ean Pariseko behe-auzoetan istiluak piztu zirenetik.

Philippek, gainera, beste behin dei egin die "txaleko horiei" hiriburuko manifestazioan ez parte hartzeko, indarkeria erabiltzen dutenek manipulatuta izan ez daitezen.

Ohartarazi duenez, delitu bat egiten harrapatzen dituzten pertsona guztiak atxilotuko dira, eta "gorrotoaren eta indarkeriaren aurka irmotasun handiena" erakutsiko dute. Horien aurka "zigor azkar eta sendoa" agindu du, gainera.

Eiffel Dorrea, museoak eta dendak, itxita

Eiffel Dorrea, larunbatean / Argazkia: EFE.

Eiffel Dorrea batu zaio larunbatean itxita egongo diren Pariseko monumentu, museo eta saltokien zerrendari, segurtasun neurri bezala, "txaleko horien" manifestazio berriaren aurrean. "Indarkeria handiko" istiluetan bukatu dezakeela uste du Frantziako Gobernuak.

"Parisen abenduaren 8erako, larunbata, deituta dauden manifestazioek ez dute utziko bisitariak segurtasun baldintza onetan jasotzea", esan du Eiffel Dorrea kudeatzen duen sozietateak. Munduko momenturik bisitatuenetariko bat da dorrea.

Grand Palais eta Petit Palais museoak, Opera eta Eliseo Zelaien inguruko saltoki asko ere itxita egongo dira.

Aurreko larunbatean, 3 eta 4 milioi euro bitarteko kalteak utzi zituzten istiluek.

Inguru horretako merkatariei ateak eta sarrerak ixtea gomendatu die Pariseko Poliziak.

Ezkerraren zentsura-mozioa

Sozialistek, komunistek eta Frantzia Intsumisoak indarrak batuko dituztela iragarri dute, astelehenean Emmanuel Macronen presidentearen aurkako zentsura-mozioa aurkezteko, "txaleko horien" krisi politikoaren kudeaketagatik.

"Hurrengo astelehenean zentsura-mozioa aurkeztea erabaki dugu", esan du Oliviar Faurek, Alderdi Sozialistaren lehen idazkariak, hiru alderdiek emandako prentsaurreko batean, Asanblea Nazionalean.

Faurek azaldu duenez, oraingoz, Macron Eliseoko Jauregitik botatzeko iniziatiba parlamentarioak hiru talde horien babesa baino ez dauka. "Hurrengo egunetan sinatzaileen kopurua handitzea" espero du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Iparraldea Paris Europa Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Azken ordukoa protestak Emmanuel Macron Gasolinaren prezioa Frantziako Gobernua Zerga politika gaur