Mundua -
Ikerketa
Nazioarteko Zigor Auzitegiak aurretiazko ikerketa abiatu du Venezuelan
Venezuelan manifestazioak "sakabanatzeko eta zapaltzeko" Poliziak "neurriz gaineko indarkeria" erabili ote zuen argitzeko ikerketa abiatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzak aurretiazko ikerketa abiatu du Venezuelan manifestazioak "sakabanatzeko eta zapaltzeko" Poliziak "neurriz gaineko indarkeria" erabili zuen argitzeko, agiri batean erakundeak jakinarazi duenez.
Aurretiazko ikerketa horretan 2017ko apiriletik Venezuelan ustez emandako delituak aztertuko ditu Fiskaltzak. Garai hartan, herritarrek manifestazio ugari egin zituzten Auzitegi Gorenak Asanblada Nazionalaren eskumenak bertan behera utzi eta gero protesta egiteko.
Fiskaltzaren agiriaren arabera, manifestazio horietan eta protesten ondoren atxilotutako eta espetxeratutako lagunen aurka Estatuko segurtasun indarrek "gehiegizko indarkeria" erabili ote zuten argitu nahi dute. Atxilotutako hainbat lagunek, "oposiziokoak izan ala ez", "eraso larriak" pairatu zituzten.
Halaber, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren ustez, "manifestari talde batzuek ere indarkeria erabili zuten, eta horrek poliziei zauriak edo heriotza eragin zien".
Aurretiazko ikerketa horrek "eskuragai dagoen informazioa aztertuko du eta ikerketa abiatzeko arrazoizko oinarria dagoen zehaztuko du".