Mundua -
Israel
Netanyahu egoera aztertzen ari da istiluek gora egiten duten bitartean
Ehun palestinarrek baino gehiagok zauriak izan dituzte gaur izandako liskarretan.
Agentziak | erredakzioa
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Israelera bueltatu da gaur New Yorketik, ostegunean Nazio Batuen Erakundearen biltzarraren aurrean agerraldia egin ostean. Behin herrialdean, segurtasuneko goi-kargudunekin batera bilduko da zonaldean gertatutako biolentziaren areagotzea aztertzeko.
Gauzak horrela, Netanyahuk Estatu Nagusiko buruarekin, zerbitzu sekretuen eta Poliziaren agintariekin eta Defentsako buruarekin egingo du bilera gaur deitu ditu, eta haiekin batera Jerusalem Ekialdean eta Zisjordanian gertatutako tentsio gorakadari helduko die. Gainera, beste batzar bat egitea deitu du astelehen gauean; oraingo honetan, segurtasuneko eta politikako kabinetearekin.
Premiazko bilera horiek ostegunetik hona izandako bi erasotan lau israeldar hiltzearen eraginez egingo dira. Lehendabiziko erasoa Zisjordaniako errepide batean jazo zen, eta bestea larunbatean, Jerusalemeko Hiri Zaharrean. Horien aurrean Israelek ezohiko neurriak hartu ditu.
Jerusalemeko Hiri Zaharrean sartzeko debekua
Hartutako erabakien artean, 48 orduz Jerusalemeko Hiri Zaharrean sartzeko debekua ezarri diete Israeleko agintariek palestinarrei, eta segurtasun neurriak areagotu dituzte hiri horretan; gainera, Zisjordaniako Nablus barrutian batailoi militar gehigarriak zabaldu dituzte.
Halaber, azken 24 orduetan bi palestinar ere hil dira, Israeleko indarren eskuetan. Bata Jerusalemeko erasoen egilea, eta bestea hiri bereko auzo ultraortodoxo batean 15 urteko nerabe bat ustez labanaz eraso zuena.
Palestinarren eta Israeleko indarren arteko istiluak
Ehun palestinarrek baino gehiagok zauriak izan dituzte gaur, altzairuzko balen edota gas negar-eragileen ondorioz, Israeleko segurtasun indarren zein kolonoen aurka izandako liskarretan. Istiluak Zisjordaniako eta Jerusalem Ekialdeko hainbat lekutan gertatu dira.