Mundua -

Krisia Ukrainan

Nazioarteko komunitatea indarkeria-bolada ekiditen saiatuko da

NATOk Ukrainako buruei herriaren aurka indar militarra ez erabiltzea eskatu die, 26 pertsona hil diren enfrentamenduen ostean. Europar Batasuneko Kanpo Arazoetako ministroek bilera dute ostegunean.

Suteak gaur Kieveko Maidan Plazan. EFE
Suteak gaur Kieveko Maidan Plazan. EFE
Bruselak zigorrak iragarri ditu Ukrainako gobernuarentzat

1:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diplomazia mugitzen hasi da Ukrainan, Kieveko sarraskiaren ostean. Bertan, gutxienez 26 pertsona hil dira azken orduotan, Polizia Maidan plazan (protesten erdigunea) oldartuta.

Bild egunkari alemaniarraren arabera, Viktor Janukovitx presidenteak oposizioarekin lehenbailehen batzartzeko asmoa agertu du, Vitali Klitxko oposizioko buruak iragarri duenez. "Presidenteak beste bilera bat nahi du, gaur bertan, eta gu prest gaude", esan du Klitxkok. Oposizioko buruaren esanetan, "gure eskakizuna argia da: Poliziaren hedapena bertan behera geratzea. Jazarpena berehala gelditu behar da negoziatu ahal izateko".

Gaur goizaldean ere negoziazioak egin dituzte Klitxkok eta Janukovitxek, baina ez dute akordiorik lortu.

Ukrainak terrorismoaren aurkako operazioa iragarri du

Ukrainako segurtasun indarrek terrorismoaren aurkako operazioa iragarri dute asteazken honetan lurralde nazionalean, asteartean Kieven izandako indarkeriazko gehiegikerien ondorioz 25 pertsona hil ostean.

"Terrorismoaren aurkako operazio bat egiteko erabakiaren berri eman diot dagoeneko presidenteari", azaldu du Alexandr Yakimenko Ukrainako Segurtasun Zerbitzuko buruak.

Frantziako, Alemaniako eta Poloniako Kanpo ministroak, Kieverako bidean

Frantzia, Alemania eta Polonia herrialdeetako Kanpo Arazoetako ministroak Kievera joango dira ostegun honetan, lehenengo pertsonan Ukrainak bizi duen egoera ezagutzeko, Frantziako Kanpo Arazoetako ministroak iragarri duenez.

"Atzerapenik gabe, Poloniako eta Alemaniako nire homologoekin bihar goizean goiz Kievera joatea erabaki dut arratsaldeko Bruselako bilera baino lehen lehenengo informazioak jasotzeko", azaldu du Laurent Fabius Frantziako ministroak.

Herriaren aurka indarra ez erabiltzea eskatu du NATOk

NATOk Ukrainako buruei herriaren aurka indar militarra ez erabiltzea eskatu die, 26 pertsona (horien artean 10 polizia) hil diren enfrentamenduen ostean.

"NATOko komandante militarra izanik, buruzagi arduradunei Ukrainako herriaren aurka indarkeria militarraren erabilera ekiditea eskatzen diet", azaldu du Twitterreko kontuan.

Baliteke Europak isunak ezartzea

Testuinguru honetan, Europar Batasuneko (EB) Atzerri ministroek bilera egingo dute bihar, Ukrainako Gobernuari isunak ezartzea aztertzeko.

Catherin Ashton EBko Atzerri Politikako buruak segurtasun batzordearen premiazko bilera deitu du gaurko. "Aukera guztiak aztertuko ditugu, jazarpena eta giza eskubideen urraketa direla eta", esan du.

Nazioartearen gaitzespena

Azken orduetako indarkeriak nazioartearen gaitzespen irmoa ekarri du, eta Gobernuari jazarpena bertan behera uzteko agindu diote.

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidentea azken orduotan Ukrainan gertatu denarekin "harrituta" eta "haserre" agertu da.

Ildo berean, Francoise Hollande Frantziako presidenteak isunak jartzea eta "Poliziaren jazarpena" bukatzeko eskatu du.

Cark Bildt Suediako Atzerri ministroak hitz egin du irmoen: "Argi esan behar dugu: heriotzen eta indarkeriaren erantzulea Janukovitx presidentea da. Odolez zikinduta ditu eskuak".

Frantzisko aita santuak indarkeria amaitzeko eskatu die "alde guztiei".

Halaber, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Vladimir Putin Errusiako presidenteari deitu dio, eta, harekin, Ukrainan "indarkeria bolada ekiditeko ahalegin guztiak egitea" adostu du.

Barack Obama AEBetako presidenteak Ukrainako Gobernuari indarkeriara ez jotzeko eskatu dio, herrialdean dauden manifestazioen ondorioz, eta "era egokian" jarduteko "lehen arduraduna" dela azaldu du.

Errusiak babesa agertu dio Ukrainako Gobernuari

Bestalde, Errusiako Gobernuak, Ukrainako Gobernuaren aliatu nagusiak, oposizioari egotzi dio "sarraskia".

Vladimir Putin Errusiako presidenteak telefonoz hitz egin du Janukovitxekin, Kieveko egoera aztertzeko.

Dmitri Pexkov Errusiako Gobernuko bozeramailearen esanetan, bere herriak estatu-kolpe saiakeratzat jotzen ditu protestak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albiste garrantzitsuak EB Ukraina azken orduko NATO Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Azken ordukoa protestak