Gizartea -

4. Euskaraldia

Abian da belarriprestek eta ahobiziek Euskaraldian izena emateko epea

Erakundeetako ordezkariekin batera Gasteizen egindako ekitaldi batekin abiatu dute izena emateko epea. Maiatzaren 15etik 25era bitartean txapa paparrean jantzita ibiliko dira Euskal Herri osoko milaka eta milaka lagun.

Gasteizen egindako ekitaldiaren irudietako bat. Argazkia: Euskaraldia
Gasteizen egindako ekitaldiaren irudietako bat. Argazkia: Euskaraldia

Belarriprestek eta ahobiziek Euskaraldian izena emateko aukera dute gaurtik aurrera

0:56

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi hilabete baino ez dira falta Euskaraldia hasteko, eta, horren harira, larunbat honetan abiatu dute Euskaraldiaren 4. edizioan belarriprest edo ahobizi gisa izena emateko epea. Maiatzaren 15etik 25era izango da aurten ariketa masiboa, eta, horri esker, txapa paparrean jantzita ibiliko dira Euskal Herri osoko milaka eta milaka lagun.

Herritarren izena emateko epea ireki dela iragartzeko ekitaldia egin dute Izaskun Arrue kulturgunean, eta bertan bildu dira dozenaka lagun, herritarrak, erakundeetako ordezkariak, batzordeetan aritzen direnak eta entitateetako kideak, hala nola Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Irati Iciar Taupako presidentea eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaile nagusia.

Irati Iciar Taupako presidentearen esanetan, "gaur-gaurkoz Euskaraldia da helburu hori lortzeko dugun tresna eraginkor eta masiboena". Hala ere, Euskaraldia "arnas luzeko" ekimena dela gaineratu du; izan ere, "edozein ohitura aldatzea ez da erraza, are gehiago hizkuntza ohiturak direnean, baina, apurka-apurka, edizioz edizio, erabileran jauzi garrantzitsuak ekarri ditu".

Bestalde, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak azpimarratu du Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatzeko bidea dela, eta aipamen berezia egin du euskaratik urrun daudenak ere euskarara erakartzeko, euskarak "denok" behar gaituelako.

Ildo beretik, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko ordezkariak azaldu du belarriprest rolaren baitan badagoela "hobetzeko tartea" oraindik ere. Euskaraldian oro har ahobizi rola izan da nagusi, eta horren esanetan, belarriprest rola ere, garrantzitsua izateaz gain, pertsona askorentzat "egoki-egokia" da. Azkenik, gazteei ere bidali die mezua, Euskaraldian beraiek ere tokia dutela gogoraraziz.

Euskaraldia euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua da, eta erabilerarentzat mesedegarri diren arau sozial berriak gizarteratu eta errotzea ditu helburu. Euskaraldian izena emateko, webgunean dagoen formulario bat bete behar da, belarriprest edo ahobizi rola aukeratuta, eta gero batzordeek banatuko dituzte txapak Euskal Herriko herri eta txoko guztietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Euskaraldia