Gizartea -

OSASUNA

Jaurlaritzak iragarri du Onkologikoa ekainaren 30ean integratuko dela Osakidetzan

Hala, osasun zentroko 297 langileak Osakidetzan sartuko dira. Espero dute 2027rako protonterapia martxan izatea.

Onkologikoa. Argazkia: EITB
Onkologikoa. Argazkia: EITB

Onkologikoa. Argazkia: EITB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak iragarri du Donostiako Onkologikoa ekainaren 30ean integratuko dela Osakidetzan "organikoki eta funtzionalki", eta 2027an protonterapia martxan jarrita, zerbitzu onkologikoan nazioarteko "erreferente" izango dela Donostia Ospitalea.

Martinezek agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, EH Bilduk eskatuta, Eusko Jaurlaritzak Onkologikoarentzat dituen proiektuen berri emateko.

Rebeka Ubera EH Bilduren legebiltzarkideak kritikatu du azken urteetan "Onkologikoa suntsitzen" aritu direla, eta jada ez dela "lehen izandakoa, ez da izan bere garaian minbiziaren arloan iragarritako erreferente hori".

"Zeukan balio erantsia, jarduera, pazienteekiko kalitatezko arreta, prozedurak… guztia galdu da, eta Onkologikoa Osakidetzan sartzearekin batera, praktika on guztiak desagertu dira, guzti-guztiak", salatu du.

Osasun sailburuak aitortu du Onkologikoaren integrazio prozesua "zaila" dela "administratiboki, juridikoki eta lan arloan", baina adierazi du "azkenean euskal gizarteari on egingo" diola, eta "Euskadi Onkologia sektorean nazioarteko erreferente izateko aukera" irekiko duela.

Martinezek aurreratu du ekainaren 30ean burutuko dela integrazioa, eta Onkologikoa "titulartasun publikoko baliabide" izango dela.

"Onkologikoa Osakidetzan integratzeak eta 2027an protonterapia zentroa abian jartzeak Donostia Unibertsitate Ospitalea Onkologiaren arloan erreferentziako mugaz gaindiko zentro bihurtuko dute", azpimarratu du.

Bere esanetan, "helburua da osasun-zentroak arreta ematea Gipuzkoari, Bizkaiari, Arabari, Nafarroari eta baita Iparraldeari ere. Beraz, herri-proiektu bat da". Protonterapiari dagokionez, esan du 2027rako lehenengo pazienteak tratatu ahal izango direla, eta, gainera, Estatuko lehenak izango direla.

Era berean, "Osakidetzak subrogatu egingo ditu Onkologikoko osasun-zentroan lan egiten duten eta Donostialdeko ESIari atxikita geratuko diren langile sanitarioen eta ez-sanitarioen —gaur egun 297 dira, eta horietatik 232 finkoak dira— eskubideak eta betebeharrak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Donostia Eusko Jaurlaritza Gizartea Eguneko albisteak Albisteak