Gizartea -
TRAFIKOA
Egoera bere onera etorri da A-8an eta N-1ean, goiz korapilatsu baten ondoren
A-8 autobidean hainbat ibilgailuk elkarren kontra jo dute, Getaria parean, Donostiarako noranzkoan. N-1ean ere hiru autoren arteko istripua izan da, Villabona parean, Donostiarako bidean. 08:00ak inguruan izan dira istripuak bi lekuetan, eta hainbat kilometroko ilarak eragin dituzte.
EITB MEDIA
Trafiko-arazo ugarirekin esnatu da eguna Gipuzkoako errepideetan. Korapilo nagusiak A-8 autobidean eta N-1 errepidean gertatu dira, 08:00ak inguruan izan diren istripu banaren ondorioz.
Batetik, A-8an hainbat autok elkarren kontra jo dute Getaria parean, Donostiarako noranzkoan. Bideetako bat itxita egon da tarte batean eta 3 bat kilometroko ilarak sortu dira.
Bestalde, N-1 bidean, Villabonan, antzeko gertakari bat izan da. Hiru ibilgailuren arteko istripu batek 8 kilometrorainoko ilarak sortu ditu Donostiara bidean.
09:30 aldera, behin ibilgailuak bidetik erretiratuta, egoera bere onera etortzen hasi da. Ez batean ez bestean ez da inor zauritu.
Euria dela eta, oro har, autoen joan-etorrian ohi baino arazo gehiago ari da izaten EAEko errepide-sarean eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak kontuz gidatzea eskatu du.