Gizartea -
LAN GATAZKA HEZKUNTZAN
Bi greba egun gehiago izango dira EAEko Hezkuntza sisteman aste honetan, akordiorik ezean
Haurreskolen Partzuergoko 1.300 langile inguru daude deituta otsailaren 12 eta 13an grebara. Astelehenean bertan, negoziazio-mahaia bilduko da akordioa erdiesteko asmotan; asteartean sukaldeko langileen eta garbiltzaileen mahaia bilduko da.
EITB MEDIA
Greba astea izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza publikoan berriz ere, aurretik deituta dauden negoziazio bilerek emaitzarik ematen ez badute. Haurreskolen Partzuergoko 1.300 langile inguru daude deituta otsailaren 12 eta 13an grebara, eta astelehen honetan bertan, haurreskolen negoziazio-mahaia bilduko da. Hurrengo egunean sukaldeetako langile eta garbitzaileen mahaiaren txanda izango da.
LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek 12 eguneko greba zikloa deitu zuten, lan baldintzak hobetzeko negoziazio-mahaietan aurrerapausorik ez zela iritzita. Gaur-gaurkoz ez dute aurreikusten greba bukatu baino lehen akordiorik izango denik.
Urtarrilean egindako sei eguneko grebek jarraipena izango dute, antza, baldin eta astelehenean deituta dagoen negoziazio-mahaian akordiorik erdiesten ez badute sindikatuek eta Haurreskolak Partzuergoak.
Zaila dirudi, ordea, bilera deialdiarekin jasotako azken zirriborroak ez baititu sindikatuak asebete. Hasteko, uste dutelako lan hitzarmenaren beraren iraupena ez dela egokia, horrez gain, ratioak jaitsiko direla, lan-zama arinduko dela eta erosahalmena berreskuratuko dutela bermatu beharko zaie.
Akordiorik ezean, 12 eta 13ko deialdien ondoren, sukalde eta garbiketako langileek egingo dute greba otsailaren 19 eta 20an eta irakasleek otsailaren 26an eta 27an.