Gizartea -

Indarkeria matxista

Elkarretaratzea ostiral honetan Santurtzin, Peña Athletic taldeak salatu duen sexu-erasoaren aurka

Udalak deitutako protesta 12:00etan izango da, udaletxearen aurrean. Gainera, Udalak eta Berdintasun Kontseiluak bat egingo dute "mugimendu feministak deitu dezakeen elkarretaratzearekin".

Santurtziko Peña Athletic taldearen egoitza. Argazkia: EFE
Santurtziko Peña Athletic taldearen egoitza. Argazkia: EFE

Santurtziko Peña Athletic taldearen egoitza. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Santurtziko Udalak elkarretaratzea deitu du ostiral honetarako, Peña Athletic klubeko entrenatzaile batek hainbat jokalari adingaberi egindako "ahozko" sexu-erasoa gaitzesteko.

Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu du "emakumeen aurkako indarkeria matxistaren adierazpen guztiak salatzeko" eta "biktimei eta haien senideei eta hurbilekoei babesa eta elkartasuna adierazteko".

Udalak eta Berdintasun Kontseiluak gertatutakoa "erabat gaitzetsi" dute, eta "herritar guztiak" deitu dituzte ostiral honetarako, 12:00etan, udaletxe aurrean egingo den elkarretaratze publikora.

Gainera, Santurtziko Udalak eta Udaleko Berdintasun Kontseiluak bat egingo dute "mugimendu feministak deitu dezakeen elkarretaratzearekin".

Onartutako adierazpen instituzionalean, Udalak eta Berdintasun Kontseiluak adierazi dute "gaitzespen osoa eta haserre handiena duela gutxi ezagutu diren gertakarien aurrean".

"Emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztiak beren osotasun fisiko eta moralaren aurkako erasoa dira, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina", dio testuak.

Gainera, "emakumeek jasaten dituzten eraso guztiak erabat" salatu eta arbuiatu dituzte, eta herritarrei gogorarazi diete "horrelako erasoak gure gizartean oraindik nagusi den indarkeria matxistaren eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpena direla".

Era berean, herritarrei dei egiten diete "indarkeriaren aurkako borrokan paper aktiboa izan dezaten" eta "emakumeen kontrako edozein indarkeria adierazpenen aurrean jarrera aktiboa har dezaten, ez onartuz, isilik egon gabe" eta indarkeria jasan dutenei babesa emanez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Santurtzi Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Umeak Sexu erasoak