Gizartea -
INTERNET SEGURUA
EAEko 10 nerabetik 4k eduki pornografikoa aurkitu dute sarean, bilatu gabe
Save the Children erakundeak ohartarazi duenez, hezkuntza digitala lantzea ezinbestekoa da haurrak eta nerabeak eduki kaltegarrietatik babesteko.
O. A. | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko nerabeen % 38,4k eduki pornografikoa edo erotikoa aurkitu dute sarean, nahita bilatu gabe, Save the Children erakundeak egindako azken ikerketaren arabera.
Otsailaren 11n den Internet Seguruaren Nazioarteko Egunaren harira gobernuz kanpoko erakundeak ohartarazi duenez, hezkuntza digitala lantzea ezinbestekoa da haurrak eta nerabeak eduki kaltegarrietatik, desinformaziotik eta albiste faltsuetatik babesteko.
Albiste faltsuei dagokienez, EAEko nerabeen % 28k solik dakite egiazko albisteak eta faltsuak bereizten, eta % 67,2k ez dute beti lortzen.
Bestalde, EAEko 10 nerabetik ia 1,5 ezezagunekin harremanetan jartzen dira Interneten bitartez eta % 18,8 aurrez aurre beraiekin elkartzeko prest daude.
Halaber, ikerketak ondorioztatu du neskek eta mutilek ez dutela Internet modu berean erabiltzen. Neskek sare sozialak gehiago erabiltzen dituzte eta bi aldiz gehiago kontsumitzen dituzte pelikulak eta telesailak. Mutilak, berriz, bideo-jokoetan aritzen dira gehien bat (% 62,4). Gainera, emakumeek beren sentimenduak eta irudiak gehiago erakusten dituzte sareetan, eta horrek arriskuak dakartza.
Azkenik, EAEko 10 eta 17 urte bitarteko neska-mutilen % 96,6k Interneterako konexioa dute etxean, eta % 81,5ek egunerokoan erabiltzen dute 11 urte zituztenetik (Espainiako Estatuko batezbestekoa % 58koa da).