Gizartea -
EGURALDIA
Giro euritsua, bereziki arratsalde-iluntzerako
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia iragarri du iganderako, haize-bolada gogorrengatik, Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeguneetan.
EITB Media
Fronte hotz batek hodeiak eta euria ekarriko ditu gaur, ostirala, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri duenez. Aro ezegonkorra izango dugu nonahi, eta bereziki egunaren bigarren partean egingo du euria. Goizean prezipitazio gutxi batzuk izango dira han-hemenka, baina eguerditik aurrera denean "makurtuko" da giroa. Haizeak hegotik joko du, eta ufada gogorragoak izango dira mendebaldean. Tenperaturak, ordea, gutxi aldatuko dira. Maximoak 15 gradutik beherakoak izango dira kostaldean, eta 10 gradutik beherakoak barnealdean.
Asteburuan, hodeiak eta ostarteak, eta tenperatuaren gorakada. Larunbatean argitzera egingo du. Eguna lainopean hasiko dugu eta goizean oraindik tarteka euri txikia egin dezake. Arratsaldean, hodei geruza saretuko da eta erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak urdinguneekin tartekatuko dira. Hegoaldeko haizea zakar ibiliko da, bereziki mendebaldean eta egunaren amaieran. Tenperaturak gora egingo du, eta termometroek 15 ºC-ak gainditu dituzte kostaldean, eta 10 ºC-ak, barnealdean.
Iganderako ez da aldaketa nabarmenik espero. Zerua tarteka hodeitsu egongo da, baina eguzkia ikusteko aukera ere izango da. Hego/hego-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Horren eraginpean, sasoi honetarako balio epeletan mugituko dira tenperaturak, beste behin. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia iragarri du iganderako, haize-bolada gogorrengatik, Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeguneetan. Abisua egun osoan egongo da indarrean.