Gizartea -

Txostena

EAEko gazteek soldataren % 64 bideratzen dute hipoteka ordaintzera, eta ia erdia alokairurako

Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako txosten baten arabera, emakume langileek gizonek baino lan-baldintza okerragoak dituzte, behin-behinekotasun tasa handiagoarekin eta lanaldi partzial gehiagorekin.

Gazte batzuk Bilbon. Argazkia: EITB
Gazte batzuk Bilbon. Argazkia: EITB
Gazte batzuk Bilbon. Argazkia: EITB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Independizatzen diren 18 eta 34 urte arteko EAEko herritarrek soldataren % 64 bideratzen dute hipoteka ordaintzera, etxea erosi ostean, eta % 49,5 alokairua ordaintzera, aukera horren alde egin badute.

Gazteen Euskal Behatokiak argitaratutako "Etxebizitza-emantzipazioaren kostua Euskadin 2023" txostenean jasotako datuak dira. Horrekin batera, "Euskadiko gazteak lan-merkatuan. 2023ko Lan Merkatuaren Zentsuaren azterketa" ikerketaren emaitzak ere argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzak.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak prentsa-ohar batean azaldu duenez, lehenengo txostenak agerian uzten du etxebizitzarako sarbidea dela gaztaroan autonomia lortzea ekartzen duena, eta heldutasunerako behin betiko pausoa.

EAEn etxebizitza librea lortzeko, 18 eta 34 urte arteko gazteek soldataren % 64 bideratu behar izan zuten hipoteka ordaintzera 2023an, eta soldataren % 49,5, berriz, etxea alokairuan izanez gero.

Adinean aurrera egin ahala, soldatak gora eta, ondorioz, portzentajeak behera egiten du, baina txostenean argi adierazten denez, "merkatu libreak 30 eta 34 urte bitarteko pertsonak gainzorpetze egoeran jartzen ditu".

Egoera are okerragoa da emakumeen kasuan, gizonek baino soldata baxuagoak izanik are zailagoa zaielako gurasoengandik emantzipatzea.

Lan-merkatuari dagokion txostenean, berriz, desberdintasun nagusiak adinaren araberakoak dira. Hala, 25 urtetik beherako pertsona gehienak ikasten ari dira, eta zahartu ahala sartzen dira lan-merkatuan.

30 eta 34 urte arteko pertsonen % 83,6 lanean ari ziren 2023an, 35 eta 64 urte artekoak baino gehiago (% 78,3).

2023an, gizon gehiago ari ziren lanean emakumeak baino (% 45,1 eta % 38,3, hurrenez hurren). Emakumeen kasuan, indize hori goi-mailako ikasketetan presentzia handiago dutelako omen da.

Dena den, lanean ari diren emakumeen lan-baldintzak gizonenak baino okerragoak dira, behin-behinekotasun tasa handiagoa eta lanaldi partzial gehiago dituztelako. Gainera, 1.500 eurotik gorako soldata dutenen artean, gizonak % 4 gehiago dira.

Emakumeen presentzia handiagoa da zerbitzuen sektorean, eta txikiagoa industrian eta eraikuntzan. Teknologiari lotutako lanetan ere, gizonak dira nagusi.

16 eta 29 urte arteko pertsonen % 41,8 lanean ari ziren 2023an, % 6,4 lana bilatzen ari ziren, eta % 51,8 lan-merkatutik kanpo zeuden, gehienak ikasten ari zirelako.

2021 eta 2023 artean lan-kontratu mugagabea zutenen kopurua % 15 hazi zen, eta 2023an 10 gaztetik 6k zuten kontratu mota hori.

Soldatari dagokionez, lau gaztetik batek soilik zuen 1.500 eurotik gorako soldata garbia (% 23,9), eta % 2,1 besterik ez zegoen enpresetako zuzendaritza postuetan.

Ikasketen maila gorabehera, gazteen erdiek baino gehiagok (% 51,1) euskaraz hitz egiten dute lanean, gaztelaniaz bezainbeste edo gehiago.

Lana bilatzen ari ziren gazte langabeen kopurua % 34,9ra jaitsi zen 2023an. Lautik hiruk zuten lan-esperientzia, baina gutxi ziren (% 17,9) dirulaguntzaren bat jasotzen ari zirenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Gazteak Etxebizitza