Gizartea -
San Tomas
Milaka lagun hurbildu dira Bilbora eta Donostiara San Tomas jaia ospatzera eta salmenta handiak izan dira
Bizkaiko ekoizleek 16:30erako salduak zituzten eramandako gaien % 80 eta % 100 artean. 100.000 lagun biltzeko aurreikuspena zegoen Bilbon.
EITB Media
Goizeko lehen ordutik milaka lagun aritu dira Bilbon eta Donostian San Tomas jaia ospatzen. Urtero legez, feria eta azoka bereziak antolatu dituzte bi hiriburuetan, eta jendea erruz joan da erosketak egitera.
Bizkaiko nekazariei dagokienez, salmenta izugarriak izan dituzte aurtengoan, eta batzuk ia eramandako guztia saltzetik gertu geratu dira.
Donostiako azokak 162 postu izan ditu, eta 42tan txistorra jan ahal izan da. Azoka erdiguneko hainbat gunetan izan da, hala nola Gipuzkoa, Okendo eta Zuloaga plazetan eta Boulevard Zumardian. Horrez gain, baserritar jantzien lehiaketa eta herri kirolak ere izan dira. Trinitate plazan, VII. Urrezko Aizkora txapelketa izan da.
Hala ere, eguneko protagonista nagusia Kaxilda txerrama izan da, zalantzarik gabe. Duroc arrazako txerri hibridoak 400 kiloko pisua du, eta Konstituzio plazan egon da ikusgai 20:00ak arte.
Bilboko San Tomas azokan ere izan da zer ikusia eta zer dastatua, 121 ekoizle eta 235 postu izan baitira bertan. Gainera, Bisubi Fundazioak 4.500 babarrun anoa solidario prestatu ditu putxeratan, eta bildutako dirua Aspanovas, Gregorio Ybarra, Norai eta Koop SF 34 elkarteentzat izango da oso-osorik. 18.000 euro eskuratu dituzte eskimen solidario honi esker.
09:00etatik 20:00etara, askotariko produktuak dastatu eta erosi ahal izan dira Bilboko Areatzan eta inguruetan, taloa txorizoarekin, besteak beste.
100.000 pertsona espero ziren azokan, eta salmentak ikusita, herritarrak erosteko eta kontsumitzeko gogoz joan dira. "Izugarria izan da, batzuk ezer gabe geratu dira", adierazi du ekoizleetako batek; izan ere, stocka agortzear egon da.
Salmahaietan, produktuen % 80 eta % 100 artean salduta zituzten ekoizleek 16:30erako.