Gizartea -
HERRI GALDEKETA
Aurrerantzean ez da zezenketarik izango Karrantzako jaietan
Zezenketen gaineko herri galdeketa egin dute Karrantzan. 343 boto jaso ditu zezenketak kentzeko proposamenak ea 252 mantentzeak. Beraz, datorren urtetik aurrera, ez da zezenketarik izango herrian.
E.J.O. | EITB MEDIA
Karrantzan herri galdeketa izan dute gaur. Herriko festetan egiten diren zezenketei eutsi nahi ote dieten galdetu die Udalak 16 urtetik gorako karrantzarrei. 2.700 inguruko herrian, 600 lagun inguru agertu dira iritzia ematera (%25, gutxi gorabehera) eta zezenketak kentzearen alde egin dute.
343 boto jaso ditu zezenketarik gabeko jaien aldeko aukerak eta 252 boto izan ditu zezenketak mantentzearen aldekoak.
2013an ere izan zen galdeketa. Orduan 409 boto jaso ziren galdeketan eta zezenketak mantendu nahi zituztenek irabazi zuten.
Gaurko emaitzen ondoren, ez da zezenketarik izango herriko jaietan. Raul Palacio herriko alkateak ETBri adierazi dionez, "herritarrek emandako iritzia errespetatzea" eta "festak beste modu batera antolatzea tokatzen da orain".
Herriko gazteek eta festa batzordeak bultzatu dute galdeketa. Zezenketen kulturak gero eta indar gutxiago duela defendatzen dute eta, gainera, aurrekontu horrekin bestelako festak antolatu daitezkeela. 11.000 euro inguru kostatzen dira zezenketak, izan ere. Zezenplaza erabiltzen jarraituko dute, baina bestelako ospakizun batzuetarako.