Gizartea -
Eguraldia
Bizkaian eta Gipuzkoan prezipitazioengatik alerta laranja indarrean dela hasiko da astea
Abisu laranja asteleheneko 12:00ak arte egongo da indarrean. Araban eta Nafarroan, astelehen osoan zehar abisu horiak izango dura dira euriteengatik eta elurragatik. Iparraldeko mendialdeetan, elurra egiteko arrisku handia dago.
EITB Media
Bizkaian eta Gipuzkoan prezipitazioengatik alerta laranja indarrean dela hasiko da astea, eta abisu horiak izango dira Araban eta Nafarroan, euri eta elur arriskuagatik. Ipar Euskal Herriko mendialdeetan, alerta laranja ezarriko dute elurragatik asteleheneko 16:00ak arte, eta abisu horiak izango dira euri eta olatuengatik egun osoan zehar.
Asteburuan zehar gorabehera ugari utzi dituen negu beteko eguraldi ezatsegin eta bustiaren ostean, astelehenean berdintsu jarraituko du egoerak.
Egunaren lehen zatian, etengabe botako du euria, eta ekaitzak izango dira sarri. Goizaldean eta egunaren lehen orduetan, kazkabarra ere botako du. Elur-maila 800-1.000 metro inguruan kokatuko da, agian zertxobait beherago ekialdean. Arratsaldetik aurrera, zaparradak gutxitzen joango dira, baina ez dira guztiz desagertuko. Tenperaturak ez du aldaketarik izango, eta mendialdean izotza egingo du.
Astelehenean, hainbat abisu meteorologiko izango dira indarrean:
Alerta laranja isurialde atlantikoan (Bizkaiko kostaldean eta barnealdean, eta Gipuzkoako kostaldean eta barnealdean) prezipitazio iraunkorrengatik, igandeko 12:00etatik asteleheneko 12:00etara. 24 ordu horietan, metro karratuko 80 litro baino gehiago pilatu daitezke zenbait tokitan.
Abisu horia, prezipitazio iraunkorrengatik, Araban, igandeko 12:00etatik asteleheneko 12:00etara; izan ere, metro karratuko 40 litro baino gehiago pilatu daitezke 24 orduan trantsizio-zonaldean, eta Nafarroan, isurialde atlantikoan eguerdira arte, eta erdialdean, egun osoan. Ipar Euskal Herrian ere, eurite eta uholde arriskuagatiko abisu horia egongo da indarrean astelehen eguerdira arte.
Abisu horia elurragatik barnealdean (Araba erdialdean, Gipuzkoako barnealdean, Ebroko ardatzean eta Bizkaiko barnealdean) astelehen osoan; izan ere, elur-kota 900-1.000 metro inguruan koka daiteke, eta goizaldean eta gauean zertxobait beherago, bereziki Arabako ekialdean, non 700-800 metro inguruan gera daitekeen. 5-20 zentimetro elur pilatu daitezke 1.000 metrora. Nafarroako Pirinioetan, elurte arriskuagatiko abisua egun osoan egongo da indarrean.
Elurra dela eta, abisu laranja izango da Pirinioen ipar aurpegian, Ipar Euskal Herrian, 16:00ak arte, eta maila horira jaitsiko da gero. Zonalde horretan, elur-jausiengatik ezarritako abisu horia astelehen osoan egongo da indarrean.
Abisu horia itsasaldeko arriskuagatik (lehen bi milietarako nabigazioa) igande gauerditik astelehen eguerdira arte. Olatuen altuera adierazgarria 5 metrokoa izango da goizaldean, eta 3,5 metro ingururaino jaitsiz joango da eguerdira bitartean. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3-4 metroko olatuak altxatuko ditu, eta eguerdian 2,5-3 metroraino jaitsiko da, 12-11 segundoko tartearekin. Iparraldeko haizeak 4-5 indarreko indarra izango du itsasoan, eta, ondorioz, itsaski handia sortuko da.
Asteartean, euria baretuko da, baina hotzarekin jarraituko dugu. Haizeak iparraldetik joko du, baina aurreko egunetan baino indar gutxiagorekin. Zeruan hodei nahikorekin jarraituko dugu, batez ere iparraldean, eta ostarteak izango ditugu Nafarroako hegoaldean. Zaparradak botako ditu isurialde atlantikoan eta mendebaldean, batez ere egunaren lehen partean, eta arratsaldetik aurrera atertu egingo du, nahiz eta tarteka euria egin dezakeen.
Tenperatura maximoak 5-9 ºC inguruan kokatuko dira, eta minimoak egunaren amaieran izango dira; Arabako edo Nafarroako zenbait tokitan izotza egin dezake. Elur-kota 700-900 metro inguruan kokatuko da.