Gizartea -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Eusko Legebiltzarrak atzera bota du Aranako errefuxiatu-zentroaren egitasmoa gelditzeko PPren proposamena
Gasteizen errefuxiatuak hartzeko nazioarteko zentro bat sortzeko proiektua lizitatu zuen Espainiako Gobernuak iazko urtarrilean. Instalazioek 14,1 milioi euroko aurrekontua dute, eta Arabako hiriburuko Arana egoitza zaharrean kokatuko dira.
AGENCIAS | EITB MEDIA
Eusko Legebiltzarrak atzera bota du Gasteizko Arana auzoko errefuxiatu-zentroaren egitasmoa gelditzeko PPk aurkeztutako proposamena. Legez besteko proposamen batean, Espainiako Gobernuari proiektua berehala geldiarazteko eskatzen zioten popularrek. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek kontra bozkatu dute.
2023 hasieran lizitatu zuen Exekutibo espainiarrak errefuxiatuak hartzeko nazioarteko zentro bat Gasteizen abian jartzeko proiektua: 350 pertsona hartzeko tokia izango du, eta orotara 14,1 milioiko aurrekontua dute lanek. Arabako hiriburuko Arana klinika zaharrean kokatuko da zentro berria. Egitasmoak EAJren zein Eusko Jaurlaritzaren kritikak eragin zituen, ez zetorrelako bat, horien hitzetan, "euskal harrera eredua" deitzen diotenarekin.
Gaurko saioan, bestalde, EH Bilduk eta Sumarrek elkarrekin aurkeztutako zuzenketa bat ere atzera bota du Ganberak. Ezkerreko bi taldeok aurkeztutako testuak dio Aranan abian jarriko duten zentroa ez dela "eredu egokiena" pertsona migratuen "eskubideak bermatzeko".
Kontrara, aurrera egin du EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako zuzenketak. Bertan, "euskal harrera eredua" bultzatzeko konpromisoa berresten da, "Espainiako Gobernuarekin lankidetzan". Onartutako testuan ez zaio aipamenik egiten Aranako zentroari. PPk eta Voxek zuzenketa horren kontra bozkatu dute.
PSE-EEk bakarrik defendatu du Espainiako Gobernuak Gasteizen zabalduko duen errefuxiatuentzako nazioarteko zentroa. EAJk, EH Bilduk eta Sumarrek, popularren proposamenaren kontra bozkatu badute ere, proiektua bere horretan ez dutela ontzat ematen azaldu dute, arrazoi ezberdinengatik.