Gizartea -

Euskara

Euskalgintzaren Kontseiluak "larrialditik indarraldira" jauzi egiteko deia egin du 2025ari begira

Euskararen normalizazioa agenda politiko eta sozialaren "erdigunean" jartzea eskatu die erakundeei, eta eragile politiko eta sozialei. 2025 amaierarako mobilizazio handi bat iragarri du.

Euskalgintzaren Kontseiluaren agerraldia. Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua
Euskalgintzaren Kontseiluaren agerraldia. Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua
Euskalgintzaren Kontseiluaren agerraldia. Argazkia: Euskalgintzaren Kontseilua

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskalgintzaren Kontseiluak euskara "larrialditik indarraldira" igarotzeko deia egin du euskararen egunaren (abenduak 3) atarian kaleratu duen adierazpenaren bitartez. Helburu horrekin, euskararen normalizazioa agenda politiko eta sozialaren "erdigunean" jartzea eskatu die erakundeei, eta eragile politiko eta sozialei; eta 2025 amaierarako mobilizazio handi bat iragarri du.

Hainbat euskararen aldeko gizarte eragilek osatzen duten Euskalgintzaren Kontseiluak prentsaurrekoa eman du Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, "Larrialditik indarraldira" izeneko adierazpena aurkezteko.

ELEN Europako Hizkuntza Berdintasunerako Sarearen babesarekin azaroaren 9an euskara eta euskaldunak larrialdi linguistikoan daudela adierazi zuela gogorarazi du, eta norabide hori aldatzeko, akordio sozio-politikoa eskatu dute, 2025a euskararentzat eta euskal hiztunentzat garrantzitsua izango dela iritzita.

Zentzu horretan, 2023ko azaroaren 4an euskararen aurkako oldarraldia salatzeko egin zen manifestazioaren ildotik, 2025 amaierarako "mobilizazio sozial handi bat" iragarri du Idurre Eskisabel Larrañaga Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak.

Adierazpena

Eskisabelek irakurritako adierazpenean aipatzen da euskaldunen % 17,5ek hitz egiten duela erdara adina euskara egunerokoan, hau da, "erabilera soziala ahula" dela.

Euskal Herriaren eremu zabalean euskara ofiziala ez izateaz gain, ofiziala den lekuetan "euskararen aldeko hizkuntz politikak eraisten ari diren epai sorta" gertatzen ari dela gogorarazi dute.

Horri guztiari aurre egiteko, "larrialditik indarraldirako bideari ekiteko lehen urratsa" euskara "larrialdi egoeran" dagoela esatea izan omen da: "baina ez da arrangurarako dei bat; are gutxiago etsipenerako. Aitzitik, larrialditik indarraldirako bideari ekiteko lehen urratsa da. Diagnostiko zuzen bat onbideratzea abiatu ahal izateko, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua noranzko egokian jartzeko".

Zentzu horretan, "lehen eginkizuna euskararen normalizazio eta biziberritzea agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea" dela azpimarratu du Kontseiluak, eta horretarako "akordio sozio-politikoa" lortzea.

Hain zuzen ere, 2025ean aurkeztuko omen dute Batuz Aldatu dinamikaren emaitza, 110 eragile sozialek normalizaziora bidean egindako lanaren emaitza, alegia.

Azkenik, herritarrei dei egin die parte hartzeko prozesu horretan guztian, eta bat egiteko 2025eko abendurako, Euskararen Egunaren testuinguruan, egingo duten mobilizazioarekin, "ziklo berri baten abiaburu" izango baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Gaurko albisteak Nafarroan Iparraldea Euskara eguna gaur Euskal Autonomia Erkidegoa gaur Gizartea Eguneko albisteak Albisteak