Gizartea -

Botiken albokalteak

Burusoiltzea saihesteko botika batek 'otso-gizon sindromea' eragin die hamaika jaio-berriri

Nafarroako Farmakozaintza Zentroak hainbat kasu aztertuta topatu du zerk eragin duen haurren gaitza: haurren aitek botika hori erabiltzen zuten. Aurrerantzean, Europako botika agentziak aginduta, minoxidil botikaren erabilera orri edo prospektuak albo-kalte horren berri emango du.

Minoxidil daramaten zenbait produktu.
Minoxidil daramaten zenbait produktu.
Minoxidil daramaten zenbait produktu.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitak erabilitako burusoiltzea saihesteko botikak haren haurrarengan hipertrikosia edo 'otso-gizon sindromea' eragin du, gutxienez, hamaika kasutan. Hala ondorioztatu dute Nafarroako Farmakozintza Zentroak hautemandako kasu bati tiraka topatu dituzten beste hamaika kasuak aztertuta, eta Europako Botika Agentziak aginduta, minoxidil botikaren erabilera orri edo prospektuak albo-kalte horren berri emango du aurrerantzean.

2023ko apirilean Nafarroako Farmakozaintza Zentroak jakin zuen bazela Nafarroan haur jaioberri bat, bi hilabetean zehar bizkarrean eta zangoetan ilea hazi eta hazi ari zitzaiona. Ohiz kanpoko ile-hazkunde hori azal zezaketen bestelako gaixotasunak edo eman izan zizkioten botiken albo-kalteak baztertuta, familiarekin egindako elkarrizketa batean jakin zuten, haurtxoaren aitak minoxidil botika erabiltzen zuela burusoiltzea saihesteko tratamendu gisa. 

Elkarrizketa farmazialari bati

Gizon hori aitatasunagatiko lan-baimenarekin zegoen haurra zaintzeko, eta denbora asko pasatzen zuen harekin. Aitaren botikarekin kontaktua eten bezain laster hasi ziren haurtxoak zituen hipertrikosiaren sintomak ezabatzen, guztiz desagertzeraino. 

Nafarroan kasu hori hautemanda, Espainiako Farmakozaintza Sisteman jasota egin zitezkeen beste antzeko kasuen bila hasi ziren, eta ezaugarri berberak zituzten sei kasu topatu zituzten: minoxidilen tratamendupean zeuden zaintzaileak eta hipertrikosidun haurtxo jaioberriak. 

Europako sistemara hedatu zuten gero bilaketa eta beste lau kasu hauteman zituzten: hamaika kasu denera. 

Nafarroako Farmakozaintza Zentroaren hipotesiaren arabera, zaintzaileak nolabait haurrari pasatzen dio minoxili botika, baina ez dute oraindik zehazterik izan, azalaren kontaktuagatik ote den ala haurrak botika irensteagatik, azala miazkatzean, esaterako. 

Kasu horiek detektatu ondoren, Europako Farmakozaintzan Arriskuak Ebaluatzeko Batzordeak gomendio bat eman du minoxidila duten produktuen fitxa teknikoetan, prospektuetan eta bilgarrietan arrisku horretaz ohartarazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Gaixotasunak albisteak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Albisteak Umeak albisteak Farmazien albisteak