Gizartea -

Eguraldia

Gipuzkoako kostaldea, Nafarroa iparraldea eta Ipar Euskal Herria abisupean daude prezipitazio iraunkorragatik

24 orduko epean metro koadroko 60 litro pilatu daitezke Gipuzkoako ipar-ekialdean eta Ipar Euskal Herrian. Foru Erkidegoko Kantauri isurialdean, bestalde, metro koadroko 40 litro metatzea aurreikusi du Aemetek.

Zerua oso ilun, Donostian. Artxiboko argazkia: EFE
Zerua oso ilun, Donostian.
Zerua oso ilun, Donostian. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Caetano borraskak abisu horipean jarri ditu Gipuzkoako kostaldea, Nafarroa iparraldea eta Ipar Euskal Herria, euria etengabe egingo du eta. Fronteak prezipitazio iraunkorrak utziko ditu Kantauri isurialde guztian, batez ere kostaldean, eta, horren ondorioz, muturreko eguraldiagatik abisuak ezarri dituzte agintariek. 

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eguerdian eguneratu ditu abisuok, eta bertan behera utzi du euriagatik Bizkaian eta Gipuzkoa barnealdean ezarrita zituenak. Dena dela, Gipuzkoako kostaldean indarrean jarraitzen du abisu horiak (biharko 06:00ak arte). Izan ere, 24 orduko epean, metro koadroko 60 litro pilatu daitezke. Bizkaiko kostaldean, aldiz, 40-60 litroko, eta bi lurraldeotako barnealdean, 10 eta 30 litro artean.

Prezipitazio iraunkorragatik ezarritako abisu horiaz gain, itsasaldeko arriskuagatik ere abisua dago (03:00etatik 20:00etara) eta ostiralera arte luzatzea ebatzi du Segurtasun Sailak. Hiru egunotan 3,5 metrorainoko olatuak espero direla eta, nabigaziorako egongo da arriskua lehen bi milietan.

Nafarroako iparraldeko abisua Aemet Espainiako meteorologia agentziak ezarri du (08:00etatik 24:00era arte). Agentziak aurreikusi du Baztan bailaran, 12 orduan, metro koadroko 40 litro pilatuko direla.

Azkenik, Meteofrancek abisupean jarri du Pirinio Atlantikoen departamentua (hor dago, egon, Ipar Euskal Herria). 24 orduko epean, metro koadroko 50-60 litro pilatu daitezke, 70 litro ere bai, akaso.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ekaitzak