Gizartea -
Segurtasun Saila
Sestaoko ertzainak izango dira uniformeetan kamera eramaten lehenak
Bingen Zupiria Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak iragarri duenez, asteon hasi dira proba pilotuarekin Bizkaiko ertzain-etxe horretan. Neurriak "segurtasun handiagoa ekarriko du denontzat".
Agentziak | EITB MEDIA
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak iragarri duenez, asteon hasi dira ertzainen uniformeetan kamerak jartzeko proba pilotuarekin, eta Sestaoko ertzain-etxeko agenteak izan dira probatzen lehenak.
Onda Vasca irrati-katean egin dioten elkarrizketan egin du iragarpena sailburuak. Horren hitzetan, juridikoki "segurtasun handiagoa ekarriko du denontzat".
Batetik, une gatazkatsuetan "agentearen jokabidea zein izan den frogatu ahalko da grabatuta geratuko delako".
Gainera, herritarrek "tratu txarra" salatzen dutenean, "proba elementu bat" egongo da "gertatu denaren ideia bat egiteko eta erantzukizunak argitzeko".
Beste auzi batzuez galdetuta, Zupiriak jakinarazi du Ertzaintzaren sindikatuekin "hartu-eman diskretu eta informala" abiatu duela. Lehen harremanak direla zehaztu du, baina nabarmendu du akordioa dutela helburu. "Akordio jasangarri eta arrazoizkoak behar ditugu Ertzaintza modernizatzeko", esan du.