Gizartea -
Osakidetza
Osakidetzak gripearen aurkako txertaketa herritar guztiei zabalduko die gaurtik aurrera
Joan den urriaren 7an arrisku taldeen txertaketarekin kanpaina hasi zenetik, 349.066 dosi baino gehiago eman dituzte.
AGENTZIAK | EITB Media
Osakidetzaren gripearen aurkako txertaketa kanpaina aurrera doa, eta arreta arrisku taldeetan jartzen jarraitzen badu ere, astelehen honetatik aurrera edonork har dezake gripearen aurkako txertoa, gonbidapena herritar guztiei luzatu baitzaie.
Kanpaina urriaren 7an hasi zenetik, Osakidetzak gripearen aurkako 349.066 dosi baino gehiago jarri ditu, horietatik 10.689 baino gehiago haurrei, iaz baino % 30 gehiago, nahiz eta oraindik ere hobetzeko tarterik egon.
Bada, Osakidetzako iturriek jakinarazi dutenez, orain arte, txertoa jartzeko gonbidapena arriskuko taldeei luzatu zaie, hau da, 60 urtetik gorakoei, gaixotasun kronikoren bat dutenei edo haurdun daudeneei. Gonbidapen horek mahai gainean jarraitu arren, astelehen honetatik aurrera nahi duten guztiei luzatu zaie, arrisku taldeetan egon zein ez, immunitate kolektibo handiagoa lortzeko helburuarekin, iaz legez.
Ildo horretan, Osakidetzak hitzordua hartzeko bi modu ezarri ditu: bere web orriaren bidez, 'Aurretiko Zita' atalean, edo erreferentziako osasun zentrora deituz.
Kanpaina urriaren 7an hasi zenetik, Osakidetzak gripearen aurkako 349.066 txerto baino gehiago jarri ditu, iaz baino % 3,8 gehiago. Gainera, % 70ek erabaki dute aldi berean covidaren aurkako txertoa hartzea, arrisku taldeei bi txertoak batera jasotzeko aukera ematen baitzaie, nahi izanez gero.
Haurrak
Bigarren urtez jarraian, Osakidetzak umeengan jarri du arreta, haurrak ere kalteberak eta, gainera, kutsatzaile handiak direlako. Are gehiago, Osakidetzak txerto hori haurren txertaketa egutegian sartu du, eta sei hilabete baino gehiago eta bost urte baino gutxiago dituztenek sistematikoki jasoko dute, egutegian sartuta dauden gainerako txertoekin egiten den bezala. Gainera, ziztadak saihesteko eta, horrela, atxikidura handiagoa lortzeko, txertoa sudurretik ematen zaie.
Orain arte, kolektibo horri guztira 10.689 dosi jarri zaizkio, iaz baino % 30 gehiago. Hala ere, Osakidetzak aitortu du oraindik kopuru txikia dela, eta adin horretako haurrak dituzten familiei dei egin die, txertoa jar diezaieten.