Gizartea -
Gernika-Lumo
Jendetza bildu da Gernikan, Urriko Azken Asteleheneko Azokan
Uda euritsua tarteko, ohi baino indaba gutxiago dago aurten, eta beraz, garestiago. 09:00etan zabaldu dituzte 241 saltokiak, eta ordu berean abiatu da nekazaritzako produktuen lehiaketa eta nekazaritzako makineriaren erakusketa.
EITB Media
Urriko Azken Asteleheneko Azokako 241 saltokiek 09:00etan ekin diote aurtengo hitzorduari. Postuak irekitzearekin batera abiatu dira nekazaritzako produktuen lehiaketa eta nekazaritzako makineriaren erakusketa. Urtero legez, barazkiak, landareak, fruta, txakolina, eztia eta gazta saltzen dituzten posturik onenak sarituko dira eguerdian.
Artisautzako produktuak saltzeko 54 postu daude, eta gainerakoetan baratzeko produktuak daude salgai. Azken horien artean, gazta saltzen dutenak izango dira ugarienak (36), ogia saltzeko 20 izango dira, eta beste hainbestetan salduko dute euskal pastela.
Eztia, txakolina, barazkiak, kontserbak, makineria, patea, erroskilak, sagardoa eta landareak ere izango dira.
Artekale kalean eta Pasealekuan jarri dituzte postu gehienak, baina beste kale batzuetan ere egongo da zer ikusi eta zerekin gozatu.
Azokako produktu izarrak, Gernikako indabak, ez du aurten aurrekoetako distira edukiko. Izan ere, uda euritsua tarteko, ohi baino urriagoa izan da uzta, eta garesti dago babarruna: 17-18 euro kiloa.
Euririk ez gaurkoan
Eguraldi atsegina iragarri dute adituek, laino eta ostarteak izango dira, baina ez da euri konturik izango. Tenperatura freskoenak 9-10 graduren bueltan geldituko dira, eta 16-17 graduraino iritsiko dira termometroak.
Eguerdian, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña eta Onintza Enbeita bertsotan arituko dira, azoka girotzen.
Halaber, 18:00etan hasita, Gernika Jai Alai Winter Series txapelketako bi partida jokatuko dira; Goitia eta Del Rio Urrezti eta Gorkaren aurka arituko dira, eta Erkiaga eta Ibarluzea, berriz, Johan eta Lekerikaren aurka.
Udalak larrialdietarako protokoloa prestatu du, eta 70 pertsona baino gehiago arituko dira bertan lanean, tartean boluntarioak, suhiltzaileak, ertzainak, udaltzainak eta udal langileak.
Antolatzaileek azaldu dutenez, San Juan (Artekaletik Don Telloraino), Artekale, Juan Calzada (Saraspe plazaraino) eta Adolfo Urioste kaleak itxi egingo dituzte autoentzat, eta trafikoa San Juanetik eta anbulatorioko igoeratik bideratuko dute.
Garraio publikoan bertaratzeko eskatu diete bisitariei. Udalak, dena den, aparkaleku bereziak jarriko ditu, eta behar bezala seinaleztatuta egongo dira.
Euskotrenek ohiko tren zerbitzua indartuko du urriaren 28an Urriko Azken Astelehena dela eta. Bidaiak errazteko asmoz, tren bereziak ibiliko dira egun osoan zehar Matiko eta Gernika artean, eta zerbitzua areagotuko du jende gehien espero den orduetan.
Leire Zarate BBK-ko Ingurumen eta Iraunkortasun arloko arduradunak harro esan du berak ordezkatzen duen erakundea azoka honekin lankidetzan aritzen dela "tradizioari lotutako ekimenak bizirik mantentzen, gure etorkizuna iraunkortasun irizpideekin eraikitzen eta mantentzen laguntzen duelako".