Gizartea -
Trafikoa
Honela eragingo dio Bilbao Night Marathon probak hiriko trafikoari
Arratsaldeko zazpietan hasiko da proba San Mames estadioaren ondoan, eta Guggenheim Museoan amaituko da. Gutxi gorabehera, 18:00ak eta 24:00ak bitartean izango dira aldaketak.
EITB Media
Larunbat honetan egingo da XV. Bilbao Night Marathon lasterketa, Bizkaiko hiriburuan. Probak eragina izango du hiriko trafikoan, erdiguneko kaleetan batez ere, eta ibaiaren bi aldeetan. Larunbat arratsaldean eta gauean izango dira oztopo nagusiak, eta oinezkoei ere eragingo die maratoiak.
Arratsaldeko zazpietan hasiko da proba San Mames estadioaren ondoan, eta Guggenheim Museoan amaituko da. Gutxi gorabehera, 18:00ak eta 24:00ak bitartean izango dira aldaketak.
Ondorengo kaleetan izango dira oztopo nagusiak: Basurtu, Indautxu, Abando, Olabeaga, Zazpikaleak, Uribarri, Castaños, Zorrotzaurre, Deustu, Ibarrekolanda eta San Ignazio. Garajeetarako sarrerak eta irteerak itxita egongo dira, eta ezingo dira aparkalekuak erabili. Hemen duzue informazio zehatza.
Bilbobus konpainiaren zerbitzu gehienak moldatuko dituzte, bai ibilbideak, bai geltokiak. Bizkaibusen autobusetan ere eragina izango du lasterketak, eta tranbiaren zerbitzua 18:30ean amaituko da.
Bilboko Udalak ibilgailu pribatua ez erabiltzeko gomendioa egin du, eta garraio publikoa erabiltzeko eskatu du, batez ere trena eta metroa.
Euskalduna zubia itxita egongo da 18:00 eta 19:30 artean, eta Indautxura eta Abandora heltzeko modurik egokiena Juan de Garay kaletik izango da. Hiriaren kanpoko aldean dauden aparkalekuak erabiltzea gomendatzen da.
Ibaiaren bi aldeak lotzen dituzten zubietan ere eragina izango du lasterketak. Salbeko zubia erabili ahalko da, baina Areatzakoa, Udaletxekoa eta Deustukoa itxita egongo dira.