Gizartea -

POLIZIA OPERAZIOA

Emakumeak sexualki esplotatzen zituen sare bat desegin dute, eta miaketak egin dituzte Barakaldon eta Tuteran

Emakumeak sexualki esplotatzen zituen talde kriminal bat desegin dute Belgikan. Belgikako Poliziak eta Espainiako Polizia Nazionalak elkarlanean egindako operazioan, lau emakume askatu eta zazpi pertsona atxilotu dituzte, horietako bat Espainian.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ustez, Espainian eta Belgikan sexu esplotaziorako pertsonen salerosketan aritzen zen talde kriminal bat desegin dute Belgikako Poliziak eta Espainiako Polizia Nazionalak elkarlanean. Polizia operazioan, lau emakume askatu eta zazpi pertsona atxilotu dituzte, horietako bat Espainian. Guztira, 12 miaketa egin dituzte, bat Barakaldon eta beste bat Tuteran.

Espainiako Zuzendaritza Nagusiak zabaldutako informazioaren arabera, lau biktimak latinoamerikarrak dira eta Belgikan askatu dituzte.

Zazpi atxilotuetako bat Espainian atzeman dute, eta kartzelara bidali du epaileak. Horrez gain, miaketak egin dituzte Barakaldon, Tuteran, Valentzian, Murtzian, Jerez de la Fronteran eta Madrilen, eta dokumentazio garrantzitsua eskuratu dute.

2023ko apirilean abiatu zen ikerketa, Belgikako Poliziak herrialdeko etxebizitza batean gertatzen ari zen eztabaida batean esku hartu ondoren. Bertan, sexu esplotazioaren biktima zirela kontatu zieten bi emakumek agenteei.

Belgikako eta Espainiako polizien arteko informazio trukearen ondorioz, bi herrialdeetan aritzen zen sexu esplotaziorako salerosketa sare bat desegin dute.

Talde kriminaleko kideek emakumeen iragarkiak jartzen zituzten harremanetarako webguneetan, eta biktimek irabazten zuten diruaren erdia beretzat hartzen zuten.

Ikertzaileek egiaztatu dutenez, sarea bitan banatuta zegoen: batetik, emakumeak atzematen eta kontrolatzen zituzten sareko kideak Belgikan bizi ziren; bestetik, Espainiako kideak Interneten iragarkiak argitaratzeaz, bezeroen deiak hartzeaz eta irabazitako dirua zuritzeaz arduratzen ziren.

Atxilotuetako bati 19.000 euro atzeman zizkioten Espainia eta Belgika arteko bidea egiten ari zela. 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Albisteak Nafarroa Barakaldo Tutera albisteak Belgika bideoak Delituak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak