Gizartea -
Alerta laranja haizeagatik
Haizeteek eragindako gorabeherek kaosa eragin dute Bilboko Aireportuan
Guztira, 60 hegaldiri eta 8.000 bat bidaiariri eragin die haize denboraleak. Bidaiari askok ez dakite euren hegaldia hartzerik izango duten.
EITB Media
Bilboko Aireportuan 42 hegaldi bertan behera geratu dira eta 18 beste aireportu batzuetara bideratu behar izan dituzte gaur, haize bolada gogorrak direla eta. Bizkaia bera, baina baita ia Euskal Herria osoa (Nafarroako Erribera salbu), alerta laranjan daude haizeteengatik. Uste da 8.000 pertsona egon daitezkeela kaltetuta.
EITB Mediak Loiuko aireportuan egiaztatu ahal izan duenez, ehunka dira ez atzera ez aurrera dauden bidaiariak, oraindik ez baitakite hegazkina aireratuko ote den. AENAren webguneak ere ez du iritsieren eta irteeren berri ematen.
AENAk emandako datuen arabera (16:00etako egoera), aurreikusita zeuden 148 operazioetatik 25 burutu ahal izan dituzte. Operadorearen arabera, lehen bideratzea 08:05ean egin dute, haize ufadek ezinezkoa egiten baitzuten iritsierak bermatzea. Ondoren, beste hegaldi batzuk bideratu behar izan dituzte. Azkenean, hegaldiak bertan behera uztea ebatzi dute. Gaurko 148 operazio zeuden aurreikusita Bilboko Aireportuan.
Euskalmetek egindako iragarpenaren arabera, hego/hego-mendebaldeko haizeak zakar jotzen jarraituko du —190 km/h-ko ufadak neurtu dituzte Urduñan—. Izan ere, alerta laranjapean jarraituko dugu 18:00ak arte, eta behin hori bertan behera geratuta, abisu horia izango da indarrean arrazoi beragatik.