Gizartea -
Euskal Herriko Unibertsitatea
Adierazpen matxista eta homofoboak egin zituen EHUko irakaslea kanporatzeko eskatu dute haren ikasleek
Zuzenbide Fakultateko Bizkaiko Campuseko 301 taldeko ikasleek adierazpen bat argitaratu dute, gertatutakoa "zuzenean eta bitartekaririk gabe" kontatzeko helburuarekin. Zalantzan jarri dute ikasgaia emateko gaitasuna duenik.
EITB Media
Joan zen ostiralean EHUko Bizkaiko Campusean protesta ekintza eragin zuen Zuzenbideko irakasleak ez diezaiela "berriro eskolarik eman eta egoera ahalik eta azkarren konpon" dadila eskatu dute haren ikasleek, agiri baten bidez.
Zuzenbide Fakultateko Bizkaiko Campuseko 301 taldeko ikasleek gertatutakoaren berri "zuzenean eta bitartekaririk gabe kontatzeko" helburuarekin kaleratu dute agiria. Bertan diote orain arte egindako protesta ekintzak baketsuak izan direla eta gezurtatu egin dute joan zen ostiralean, irailaren 27an, irakaslea atxikita egon zenik.
Irakasle hori irailaren 23an hasi zen Leioako campusean Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidea I ikasgaia ematen. Ikasleen hitzetan, lehen egun horretan, argi utzi zien "galderarik izanez gero, arlo horretako beste irakasle bati helaraziko" zizkiola eta geroago erantzungo zituela, "arlo horretan ez baitzegoen espezializatuta". Ondorioz, ikasleek Unibertsitateko arduradunei irakaslearen gaitasunaren gaineko zalantzak azaldu zizkieten "modu anonimoan" eta "erregelamenduak ezarritako kanalen bidez", "errepresaliak ekiditeko".
Dokumentuaren arabera, egun horretan jakin zuten pertsona horrek "iruzkin matxistak, LGTBIfobikoak, xenofoboak, arrazistak, bortitzak, mehatxuzkoak..." egiten zituela sare sozialetan. Iruzkin horietako batzuk aipatu dituzte dokumentuan, tartean, abortuaren aldeko emakumeen aurkako irainak, armada Kataluniara bidaltzearen aldeko adierazpenak, eta abar.
Irakaslearen jarrerari buruzko albistea zabaldu zenean, hainbat elkartek elkarretaratzeak deitu zituztela azaldu dute, tartean irailaren 27ko kontzentrazioa. Ekintza guztiak baketsuak izan direla jakinarazi dute eta ukatu egin dute irakaslea "bere borondatearen aurka atxikita" egon zela, eman behar zituen bi orduko eskolak emateko "borondatea adierazi zuelako" egon zela gelan jakinarazi dute.
Horrekin batera, gizon horrek egindako adierazpenak "aho batez" gaitzetsi ditu 301 taldeak. Iritzi ezberdinak azaldu dituzten irakasle ugari izan dituztela baina ez dutela inoiz halako "jarrera erreakzionario eta kezkagarririk ikusi" azaldu dute eta EHUren "oinarrizko balioei eraso egiten diela" uste dute. Are gehiago, "Zigor Kodearen 510. artikuluan tipifikatutako gorroto-diskurtsoaren delituaren eta adierazpen-askatasunaren arteko muga gainditzen dutela" susmatzen dute.
Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidea I ikasgaiko eskolak jasotzeko duten "eskubidea kaltetuta" dagoela gogoraraztearekin batera, egoera "ahalik eta azkarren konpontzeko" eskatu dute.