Gizartea -
Eguraldia
Asteburuak argitzera eta epeltzera egingo du, euritsu hasiko bada ere
Gaur arratsaldean zaparrada mardulak espero dira, batez ere Gipuzkoan eta Nafarroa iparraldean. Larunbat arratsaldera arte ez da espero ostarteak zabaltzea. Igandean, aldiz, giro argia nagusituko da eta termometroek 20 graduen langa aise gaindituko dute denean.
EITB Media
Udazkeneko lehen asteburua hodeitsu eta zaparradekin abiatuko da, baina orduak igaro ahala, argitzera egingo du, udaberri tankerako igandea uzteraino, EITBko meteorologia zerbitzuak zein Euskalmetek egindako iragarpenaren arabera.
Gaur, ostirala, giro nahasia izango da protagonista. Denean bustiko du, baina zaparradak sarriagoak izango dira lurraldearen ekialdean (Gipuzkoa eta Nafarroa iparraldea) egunaren bigarren partean. Ez da baztertzen ekaitzen bat izatea kostaldetik gertu. Dena dela, egunean zehar, ostarteak ere zabalduko dira, tarteka bada ere. Tenperaturek behera egingo dute, eta mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haize gogorraren ondorioz, hotz sentsazioa areagotu egingo da. Tenperatura maximoak 17-19 ºC-koak izango dira, eta minimoak egunaren amaieran neurtuko dira.
Iragarpena kontuan hartuta, Nafarroako isurialde atlantikoan abisu horia ezarri du Aemetek, euriagatik. Abisua gaurko 18:00etatik larunbateko 12:00ak arte egongo da indarrean, eta ez da baztertzen 12 orduan 40 litro pilatzea metro koadroko.
Larunbat goizean ere, antzeko giroa izango dugu, baina egunak aurrera egin ahala, hobera egingo du. Goizaldean, zaparradak sarri botako ditu isurialde atlantikoan, eta zenbait lekutan trumoitsuak eta mardulak izan daitezke. Zaparradak bakanduz joango dira, eta arratsaldean ostarteak irekiko dira: iluntzean garbi geratuko da zerua. Hotz egingo du, batez ere goizaldean eta iluntzean, eta tenperatura maximoetan ez da aldaketarik izango. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du; eguerditik aurrera, ipar-ekialdetik.
Igandeak bestelako aurpegia erakutsiko du: epeltzera egingo du eta giro eguzkitsua nagusituko da. Egunaren lehenengo partean, hodeiak eta ostarteak izango ditugu, erdi-mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin, eta arratsaldean, zerua nahiko garbi geratuko da. Hego-haizea ibiliko da, eta tenperaturak gora egingo du; altuenak 22-25 ºC-koak izango dira.