Gizartea -
ERASOA
Aske utzi dute, behin-behinean, Hernanin bizilagun bati labanaz erasotzeagatik atxilotutako emakumea
58 urteko emakumea hilketa saiakera leporatuta atxilotu zuten larunbatean. Bizilagun bati sabelean labankada eman zion, haren etxera balkoitik sartu ondoren.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
58 urteko emakume bat atxilotu zuten larunbatean Hernanin, gizon bat hiltzen saiatzeagatik, sabelean labankada bat emanez. Igande arratsaldean ertzain-etxean zuten oraindik, epailearen aurrera eramateko zain. Gaur igaro da epailearen aurretik eta behin-behineko askatasuna ezarri dio.
Segurtasun Sailak ohar bidez azaldu duenez, larunbateko 06:00ak inguruan gertatu zen erasoa. Erasotzailea balkoitik sartu zen bizilagunen etxera, eta, zaratak esnatuta, etxe horretan bizi den emakumea ohetik jaiki eta sukaldera joan zen; han aurkitu zuen bizilaguna. Erasotzailea labana batez erasotzeko imintzioka eta oihuka hasi zitzaion orduan etxearen jabeari.
Oihuek esnatuta, emakumearen semea agertu zen sukaldean, eta ama babesten saiatu zenean sartu zion labana erasotzaileak sabelean. Ama larrialdi zerbitzuei deika ari zen ordurako.
Bertaratutako ertzainek bi aldeak banatu eta 58 urteko emakumea atxilotu zuten, etxebizitza horretara baimenik gabe sartzea, lesioak eragitea eta giza hilketa saiakera egotzita.
Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten beharrezko eginbideak egitera, eta zauritua anbulantzian eraman zuten ospitalera.