Gizartea -

ERASOA

Ertzaintzaren esku jarraitzen du Hernanin bizilagun bati labanaz erasotzeagatik atxilotutako emakumeak

58 urteko emakumea hilketa saiakera leporatuta atxilotu zuten. Bizilagun bati sabelean labankada eman zion, haren etxera balkoitik sartu ondoren. Epailearen aurrera eramango dute ondorengo orduetan.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

58 urteko emakume bat atxilotu zuten larunbatean Hernanin, gizon bat hiltzen saiatzeagatik, sabelean labankada bat emanez. Igande arratsaldean, ertzain-etxean zuten oraindik, epailearen aurrera eramateko zain.

Segurtasun Sailak ohar baten bidez azaldu duenez, larunbateko 06:00ak inguruan gertatu zen erasoa. Erasotzailea balkoitik sartu zen bizilagunen etxera, zaratak esnatuta etxe horretan bizi den emakumea ohetik jaiki eta sukaldera joan zen, eta han aurkitu zuen bizilaguna. Erasotzailea labana bat sartzeko imintzioka eta oihuka hasi zitzaion orduan etxeko jabeari.

Oihuek esnatuta, emakumearen semea agertu zen sukaldean, eta ama babesten saiatu zenean sartu zion labana erasotzaileak sabelean. Ama larrialdi zerbitzuei deika ari zen ordurako. 

Bertaratutako ertzainek bi aldeak banatu eta 58 urteko emakumea atxilotu zuten, etxebizitza horretara baimenik gabe sartzea, lesioak eragitea eta giza hilketa saiakera egotzita.

Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten beharrezko eginbideak egitera, eta zauritua anbulantzian eraman zuten ospitalera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gipuzkoa Hernani Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak