Gizartea -
Eguraldia
Euri-jasak tarteko, abisu horia ezarri dute EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian
Eguerditik aurrera, euriteengatik eta ekaitzengatik abisupean dago Foru Erkidegoa. EAEn eta Ipar Euskal Herrian arratsaldean (15:00) aktibatu dira abisuak. Kasu guztietan, gauerdira arte egongo dira indarrean.
EITB Media
Zerua belztu, euritara jo eta tximista eta trumoiak, dantzan. Horrela igaro zen atzoko eguna, eta modu bertsuan izango gara gaur ere. Iragarpena aintzat hartuta, zaparrada trumoitsuengatik abisu horia ezarri dute berriz ere Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak EAEn, Aemetek (Nafarroa) eta Meteo Francek (Ipar Euskal Herria).
Foru Erkidegoan eguerdiarekin aktibatu dute abisua. Ordubetean, metro koadroko 15 litro pilatzea espero dute, eta txingorra egiteko probabilitatea handia da.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 15:00etan sartu da indarrean, gauerdira arte. Iragarpenaren arabera, zaparrada ertain eta trumoitsuak botako ditu. Zenbait lekutan euri-jasa handiak izan daitezke eta txingorra egin dezake (2 cm).
Meteo france Frantziako meteorologia agentziak ekaitzengatik ezarri du abisua Ipar Euskal Herrian, 15:00etatik 23:00etara.
Bezperako egoera errepikatuko da, hortaz. Izan ere, atzokoan abuztuan ordubetean pilatutako markak hautsi ziren zenbait estaziotan. Zegaman (Gipuzkoa) metatu zen gehien, 29,9 litro metro koadroko. Lurralde berean, Ordizian, metro koadroko 20,4 litro zenbatu zituzten; Araban, Moreda herrian, 2014an erdietsitako errekorra hautsi zuten, 23,6 litro pilatu baitziren metro koadroko ordubete eskasean.
Euria ez ezik, ekaitzak ere izan ziren nonahi, eta horiekin batera, trumoiak eta tximistak. Euskalmeten emandako datuen arabera, ostegunean 3.438 tximista erregistratu ziren, bezperako datua (1.377) aise gaindituta. Gehienak Araban izan ziren.
Abisu horia larunbatean
Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du EAEn larunbat honetan prezipitazio handiengatik. 15:00etan sartuko da indarrean, gauerdira arte.