Gizartea -

Bizkaia

Gizon bat atxilotu dute hilketa delitua egotzita, Gallartan gertatutako borrokagatik

42 urteko gizonak aurrekariak ditu antzeko gertakariengatik. Asteartean pertsona bat hil zen aipatutako borrokarekin lotuta.

Borroka gertatu zen tokia, Gallartan (Bizkaia). Irudia: EITB
Borroka gertatu zen tokia, Gallartan (Bizkaia). Irudia: EITB
Borroka gertatu zen tokia, Gallartan (Bizkaia). Irudia: EITB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du, joan den larunbat goizaldean Gallarta auzoan (Bizkaia) gertatutako hilketa delitua egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Gertakariak joan den larunbatean, abuztuaren 3an, 05:30 aldera jazo ziren, Abanto-Zierbenako Gallarta auzoan, hainbat pertsonaren arteko borroka bat gertatu zenean.

Muskizko ertzainak bertaratu ziren, eta, iritsi zirenean, giroa baretuta zegoen. Horrenbestez, gertakarien lekukoak identifikatu zituzten, eta istiluan parte hartu zuten hiru pertsonetatik bi aurkitzea lortu zuten.

Biktima, 32 urteko gizon bat, alde egin eta etxera joan zen. Ertzainek berarekin telefonoz hitz egitea lortu zuten, eta osasun-laguntza eskaini zioten, baina hark uko egin zion.

Asteartean, hilak 6, pertsona bat hil zen aipatutako borrokarekin lotuta, eta Ertzaintzak ikerbidea abiatu zuen.

Gertakariaren ustezko egilea identifikatuta zegoenez, hura aurkitu eta atxilotu egin dute, gaur, ustezko hilketa-delitu bat leporatuta. 42 urteko gizonak aurrekariak ditu antzeko gertakariengatik.

Atxilotua ertzain-etxean dago, dagozkion eginbideak amaitu zain.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Muskiz albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Abanto Erailketak