Gizartea -

KONTZILIAZIO NEURRIAK

Haurrak 8 urte izan arte har daitekeen 8 asteko guraso-baimenaren ordainketa 2025era atzeratu da

Europako zuzentarauaren arabera, abuztutik aurrera baimenaren lau aste ordaindu beharko lirateke, baina Espainian datorren urtera arte atzeratuko da.

Bi ume motxila bizkarrean dutela. Argazkia: EFE
Bi ume motxila bizkarrean dutela. Argazkia: EFE
Bi ume motxila bizkarrean dutela. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Seme-alabek 8 urte izan arte har daitekeen guraso-baimenaren zortzi asteetatik gutxienez lau aste ordaindutakoak izatea aurreikusten zuen kontziliazioari buruzko Europako zuzentarauak abuztutik aurrera, baina gai hori aurrekontuen negoziazioan jorratuko du Espainiako koalizio-gobernuak, eta, beraz, 2025era arte atzeratuko da aplikazioa.

Izan ere, aurrekontuetan sartzea Gizarte Segurantzak ordainduko duela adierazten duen seinalea da, baina horretarako araudia garatu beharra dago eta bien bitartean, hurrengo urtea iritsiko da.

2019an onartutako Europako zuzentarauak beste baimen batzuekin batera, langile bakoitzak lau hilabeteko guraso-baimena izateko eskubidea jasotzen du, seme-alabak 8 urte bete baino lehen. Baimen horretatik, bi hilabete ezin dira transferitu eta ordaindu egin behar dira. Baimena indarrean da Espainian baina oraingoz, hartzen diren asteak ez dira ordainduak. Azken baldintza hori betetzeko -ordaintzea- abuztura arteko epea eman zien zuzentarauak estatuei, eskakizun horiek beren lege-esparruan sartzeko denbora emanez, lehendik zeuden baimenak kontuan hartuta.

Espainiako Gobernuak onartutako Familien legeak baimen eskubide hori jaso zuen, baina ez zuen zehaztu noiz eta nola hasiko zen ordaindua izaten, eta abuztutik aurrera izango zela espero bazen ere, Sumarreko Carlos Martin Uriza diputatuak albiste agentziei eman dizkien azalpenen arabera, ez da horrela izango, irailean hasiko diren aurrekontu-negozioekin lotu baita gaia.

Europako zuzentarauak gutxienez 22 asteko baimen ordainduak ziurtatzera behartzen ditu Gobernuak, 14 jaiotzagatik eta 8 zaintzagatik, adingabeak 8 urte bete baino lehen. Espainiak gaur egun 19 aste ditu, 16 aste jaiotzagatik eta 3 aste gehiago edoskitze-baimena metatzeagatik. Eskubide hori, joan den hilabetetik, langile guztiei dagokie, eta ez soilik hitzarmenean hala jasota zuten langileei.

"Europako zuzentaraua betetzeko 3 aste gehiago ordaintzea bakarrik faltako litzateke, baina PSOE-Sumar gobernu-akordioak jaiotza-baimena 16 astetik 20ra luzatzea eta guraso-baimenaren 8 asteetatik 4 ordaintzea jasotzen du", gogorarazi du Martin Urizak.

"Erabateko lehentasuna da", gaineratu du Sumarreko diputatuak, eta ez du zalantzarik PSOEk Gobernu Akordioaren konpromisoak beteko dituela. Akordio horrek 4 asteko ordainketa bermatzeko konpromisoa jasotzen zuen. Neurri horren kostua 250 milioi euro ingurukoa izan daiteke ordaindutako aste bakoitzeko.

Zuzentaraua garaiz ez betetzeagatik eguneko 53.600 euroko isuna ere jar daitekeela ere adierazi du Carlos Martinek.

Ogasun Ministeriotik ez dute aurrekontuen negoziazioari buruzko xehetasunik eman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Aurrekontu Orokorrak