Gizartea -
Migrazioa
Bidaiderik gabeko adingabe migratzaileen harrerarako akordioa "partxe" bat dela kritikatu du Jaurlaritzak
Nerea Melgosa sailburuak azpimarratu duenez, ez da migrazio politikak egiteko modua eta iradoki du Eusko Jaurlaritzak babestuko duen azken "erantzun plana" izango dela.
EITB Media
Espainiako autonomia erkidegoek bidaiderik gabeko 400 adingabe migratzaile hartzea adostu dute Espainiako Gobernuarekin, borondatezko harrera izango litzatekeena. Eusko Jaurlaritzak akordioarekin bat egin badu ere, oso kritiko mintzatu da gobernu espainiarraren jardunarekin. Are gehiago, adostutakoa "partxe" bat baino ez dela nabarmendu du eta ez dela migrazio politikak egiteko modua.
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak iradoki du Eusko Jaurlaritzak babestuko duen azken "erantzun plana" izango dela.
Bidaiderik gabeko 400 adingabe migratzaileren borondatezko banaketa adostu badute ere, praktikan 347 pertsona lekualdatuko dituzte, gainerako 53ak Kanarietan eta Ceutan geldituko baitira (40 Kanarietan eta 13 Ceutan).
Zehazki, 18 adin txikiko iritsiko dira Euskal Autonomia Erkidegora, eta, 15, Nafarroara.
Hala ere, autonomia erkidegoak ez dira ados jarri Espainiako Gobernuak proposatu duen Atzerritartasun Legea erreformatzeko. Hain zuzen ere, Gobernuak legea aldatu nahi du adin txikiko migratzaileen banaketa automatikoa eta derrigorrezkoa bihurtzeko.
Melgosak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak "konponbideak" mahai gainean jarri baditu ere, "kontingentzia plana" kasu, ez ditu aintzat hartu Espainiako Gobernuak.
"Estatuaren eredua ez da eraginkorra, behin eta berriz partxeoaren ideia errepikatzen da eta inoiz baino gehiago kontingentzia plana beharrezkoa da", gaineratu du.
Bestalde, Xabier Legarreta Jaurlaritzako Migrazio zuzendariak adierazi du atzoko akordioak ez duela balioko arazoari behar bezala aurre egiteko.
Bestalde, Mikel Torres lehendakariorde bigarrenak esan du Melgosaren "ezinegona" ulertzen duela, baina gaineratu du akordioa ez dela "partxe bat". Hala ere, Jaurlaritzako alderdien arteko arazorik ez dela izango gaineratu du.