Gizartea -
Bizkaia
Bizkaiko sei hondartzatan bainua debekatu dute, uraren kalitate txarragatik
Areeta eta Ereaga (Getxo), Plentzia, Gorliz, San Antonio (Busturia), Laida Itsasadarra (Ibarrangelu) dira. Arazoa asteburuan izandako prezipitazio handiekin lotuta dago. Atzo ez bainatzeko gomendio zena gaur debeku bihurtu da.
EiTB Media
Bizkaiko Areeta eta Ereaga (Getxo), Plentzia, Gorliz, San Antonio (Busturia), Laida (Ibarrangelu) hondartzatan bainua debekatu dute uraren kalitate txarragatik, eta horregatik gaur bandera gorria jarri dute. Atzo, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez bainatzeko gomendioa egin zuen zazpi hondartzatako sei dira, Karraspion (Mendexa) bandera berdea baitago. Gauzak horrela, atzo ez bainatzeko gomendio zena gaur debeku bihurtu da.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak atzo jakitera eman zuenez, bainatzeko uraren kalitateari buruz aldiro egiten dituen analisien barruan, Bizkaiko hondartza horietan kalitate-irizpide mikrobiologikoen ez-betetze puntual bat antzeman zuten. Ez-betetze hori asteburuan Bizkaian izandako prezipitazio handiekin lotuta dago.
Eguraldia lagun, arazoa bi edo hiru egun barru konpontzea aurreikusi du Osasun Sailak. Ildo horretan, egunero jarraituko du uraren kalitatea aztertzen gertakaria amaitu arte, eta jasotako emaitzen berri emango du.