Gizartea -

Jaiak eta ohiturak

Suak, errituek eta dantzek girotuko dute San Joan bezpera euskal hiriburuetan

Sua izango da gau horretako protagonista nagusia Euskal Herriko txoko gehienetan. Hiriburuen artean, Bilbo eta Donostia dira aipatzekoak, su gehien bi horietan piztuko direlako.

Judimendi auzoko San Joan sua (Gasteiz)
Judimendi auzoko San Joan sua (Gasteiz)
Judimendi auzoko San Joan sua (Gasteiz)

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekainaren 23ko gaua, udako solstizioa eta San Joan bezpera ospatzeko eguna, magikoa izan ohi da Euskal Herriko ia leku guztietan. Suaren, dantzen eta akelarreen gaua, izan ohi da, antzinako sinesmenak berreskuratzeko edota tradizio berriak sortzeko uneak.

Horrez gainera, txoko askotan herriko jaietan ospatu ohi dute gau hori, hala nola Leioan, Eibarren, Tolosan, Hernanin, Arrasaten... Era berean, euskal hiriburuek ere egitarau berezia izango dute igande arratsalde eta gauerako.

Bilbo

Bilbon ere hainbat auzotan piztuko dira udako solstizioa ospatzeko suak: Deustun, San Inazion, Otxarkoagan, Olabeagan, Masustegin, Iralan… 17 izango dira guztira.

Azken urteetan, ordea, Etxebarria parkean izan ohi da jai-giro handiena. Bilboko Konpartsek eta Auzotarrok jai batzordeek antolatuta, arratsaldeko 17:00etan ekingo diote han festari kandela tailerrarekin eta handik aurrera ez da faltako musikarik eta jan-edanik.

Gaueko unerik esanguratsuena 21:00etan hasiko da. Ospakizun honetako elementu nagusiak diren uraren, lurraren eta suaren erritualak egingo dituzte lehendabizi eta sua piztuko dute ondoren. Segidan, festan jarraituko dute erromeria batekin.

Etxebarria Parkeko egitaraua. Argazkia: Bilboko Konpartsak.

Donostia

Gipuzkoako hiriburuan San Joan bezperarako egitarau zabala prestatu dute. 20 su piztuko dira eta auzo ia denetan izango da festaren bat. Horietako askotan sardina-jana izango da eta dantza egingo dute suaren inguruan. Zezen-suzkoa ere aterako dute bateren batean.

Ospakizun garrantzitsuena Alde Zaharreko Konstituzio plazan izan ohi da, hiriko agintarien parte hartzearekin. 20:00etan hasita, soka-dantza egingo dute Goizaldi dantza taldeko kideek eta ondoren San Joan arbolaren errituaren txanda izango da: goizean plaza erdian jarritako lizarrari su emango zaio. Hemen ere erromeria batekin amaituko da festa.

Donostiako suen mapa. Argazkia: Donostia Kultura.

Gasteiz

Arabako hiriburuaren kasuan, ekitaldi nagusiak asteburu honetan jaiak ospatzen dituzten Judimendi eta Lakua-Arriaga auzoetan egingo dira.

Judimendin udako solstizioaren ospakizuna 21:30ean hasiko da. Ordu horretan momotxorroak eta Jare dantza taldeko kideak aterako dira Sefarad plazara. Ondoren, 22:00etan, sua piztuko da Judimendi parkean.

Lakua Arriagaren kasuan, solstizioaren ospakizuna 21:00etan hasiko dute sua-piztearekin, sorgin-gaurekin, dantzekin, txalaparta, ipuin eta abarrekin.

Iruña

Nafarroako hiriburuan, San Joan suak egingo dituzte Etxabakoitz, Txantrea eta San Jorge auzoetan, auzo elkarteek antolatuta.

Alabaina, aipagarria da Alde Zaharreko Santa Ana plazan arratsaldeko 19:30ean izango den ikuskizuna. Duguna dantza taldeak soka-dantza tradizionala eskainiko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Iruñea Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Jaiak San Joan suak