Gizartea -
BIZKAIA
Hizkuntza eskakizunen aurkako epaia salatu dute Galdakaoko Udaleko langileek
"Sektore judizial, politiko eta sindikal batzuek gaztelaniaren erabateko nagusitasuna inposatu nahi dute, eta, azkenaldian ikusten dugun bezala, euskararen aurka egiten dute etengabe", salatu du Galdakaoko Udaleko enpresa batzordeak.
EITB MEDIA
Galdakaoko Udaleko enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du asteazken honetan euskararen aurkako enegarren epaia salatzeko. Epai horren arabera, "diskriminatzailea da hizkuntza eskakizuna eskatzea" Galdakaoko Udalean lan eta gizarte teknikari lanposturako orain arte eskatzen zuten euskararen hirugarren hizkuntza eskakizuna. Hala, euskararen ezagutza kendu du erakunde publiko horretako lanpostutik.
Testuinguru horretan, ELA eta LAB sindikatuek irmo gaitzetsi dute euskararen aurkako enegarren epaia. "Administrazioan euskararen ezagutzaren eta erabileraren kontrako beste epai bat da, eta euskal administrazioa euskalduntzearen aurkako erasoa", salatu du Galdakaoko LAB sindikatuko ordezkariak.
"Sektore judizial, politiko eta sindikal batzuek gaztelaniaren erabateko nagusitasuna inposatu nahi dute, eta, azkenaldian ikusten dugun bezala, euskararen aurka egiten dute etengabe", gaineratu dute sindikatuek.
Testuinguru horretan, ELAk uste du gaztelaniaren ezagutza derrigorrezkoa dela lanpostu guztietan, eta, epaiaren arabera, euskarak ezin duela estatus bera izan. "Egoera horretan, euskararen ezagutza faktore diskriminatzailetzat hartzen da, beste edozein ezagutza edo baldintzarekin gertatzen ez den bezala", ohartarazi du Galdakaoko ELA sindikatuko ordezkariak.
Hala, gogorarazi dute Eusko Jaurlaritzak EAEko sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko onartu duen dekretuak ez duela inolako aldaketarik ekarriko, eta, beraz, galdutzat jo dute "administrazioaren euskalduntzean jauzi egiteko aukera".
Beste behin ere, euskararen lege berri bat eta administrazioa euskalduntzeko hizkuntza politika eskatu diete indar politikoei. "Lanpostu guztietan euskararen gutxieneko ezagutza bermatzea, horrela bakarrik bermatuko baita euskaldunek zerbitzua euskaraz jaso eta euskaraz lan egin ahal izatea, gaztelaniazkoek bezala", azpimarratu dute.