Gizartea -
Jaiotzak
Jaiotzak % 1,3 gutxitu ziren 2023an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Amen % 79,1ek 30 urte edo gehiago zituen, eta % 32,2 atzerritarrak ziren.
EITB Media
Iaz 13.453 haur jaio ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 2022an baino % 1,3 gutxiago, Eustatek argitaratutako datuen arabera.
Bizkaia izan da beherakada handiena izan duen lurraldea (% -2,8), eta haren atzetik, Araba (% -2,2). Gipuzkoan, aldiz, % 1,3ko igoera izan da. Jaiotza kopurua 6.671, 2.216 eta 4.566ekoa izan ziren, hurrenez hurren.
Hilabetez hilabete begiratuta, gehienetan jaiotza-kopuruak behera egin duela ikus daiteke, hiru hiletan izan ezik (iraila, urria eta apirila). Horietan jaiotzak % 8,4, % 8,1 eta % 0,5 igo dira, hurrenez hurren.
Amen adinari erreparatuz gero, gehienek ( % 79,1ek) 30 urte edo gehiago zituzten. Jaiotza kopuru handiena 30 eta 34 urte bitarteko emakumeei dagokie; osotasunaren % 34,5 dira. Bigarren talde ugariena, 35 eta 39 urte bitarteko amen jaiotzek osatzen dute; % 33,4 dira. 40 urte edota gehiagoko amen taldea % 11,2 da; aurreko urtekoa baino 0,5 puntu baxuagoa.
Bestetik, 25-29 urteko amen jaioberrien kopurua % 13,9 da, eta 20-24 urtekoena % 5,8. Azkenik, ama nerabeak guztizkoaren % 1,3 izan ziren, 2022an baino hamarren bat handiagoa.
Amen batez besteko adina 33,4 urtekoa izan zen, aurreko urtekoa (33,6) baino pixka bat txikiagoa. Hala ere, balio hori 34,5 urtera igo da Espainiako nazionalitatea dutenen artean, eta 31,1 urtera atzerriko nazionalitatea duten amen artean. Lehen haurra izan duten amen batez besteko adina, berriz, 32,4 urtekoa izan zen.
Ama horien jatorrizko herrialde nagusiak honako hauek izan ziren: Maroko (724 ama), Kolonbia (503), Nikaragua (290), Errumania (204), Pakistan (193), Paraguai (184), Honduras (178), Aljeria (171), Bolivia (160), Peru (149), Venezuela (132), Nigeria (120), Ekuador (120), Brasil (117) eta Senegal (106).
Atzerriko ama guztien % 48,8k Amerikako herrialderen bateko nazionalitatea du, % 29,9k Afrikakoa eta % 11,4k Europakoa.
Emakume atzerritarrek Espainiako nazionalitatea dutenek baino adin goiztiarragoan izan dituzte lehen seme-alabak: kasuen % 40,3an 30 urte baino gutxiagorekin izan dira, eta Espainiako nazionalitatea duten amen kasuan, berriz, % 11,7an. Ildo horretan, Espainiako nazionalitatea duten ama primarioen batez besteko adina 33,6 urtekoa da, eta atzerriko nazionalitatea duten amena, berriz, 29,4 urtekoa.
Horrez gainera, Eustaten txostenean azaltzen denez, 2023an ezkontzatik kanpoko jaiotzak 6.797 izan ziren, hau da, jaiotza guztien % 50,5, eta 2022an, berriz, % 51. Duela 10 urte, 2013an, ezkontzatik kanpo jaiotakoen ehunekoa % 37,9 izan zen.
Jaiolekuari dagokionez, nabarmentzekoa da jaiotzen % 92,5 ospitale publikoetan izan zirela, % 6,8 ospitale pribatuetan eta % 0,6 etxean. Erditzeak 13.296 izan ziren; horietatik 13.084 bakunak, 211 bikoitzak eta 1 hirukoitza. Erditze guztietatik 796 goiztiarrak izan ziren (% 5,9).