Gizartea -
Bizkaiko Auzitegian
2020an Karrantzan izandako liskar batean tiro egin zuen gizonaren aurkako epaiketa abiatuko dute gaur
Fiskaltzak 31 urteko kartzela-zigorra eskatu du pertsona horrentzat. Auzian beste hiru prozesatu daude. 2020ko irailaren 5ean jazo zen liskarra, Ertzaintzak orduan adierazi zuenez, marihuana plantazio batean lapurtzen saiatzearekin lotuta.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
2020an Karrantzan (Bizkaia) hiru pertsona tiroz zauritu zituen gizona epaitzen hasiko dira gaur Bizkaiko Auzitegian. Fiskaltzak 31 urteko kartzela-zigorra eskatu du pertsona horrentzat, hilketa saiakera eta armak legez kanpo edukitzea leporatuta.
Auzian beste hiru prozesatu daude: auzipetu nagusiarekin zegoen emakume bat, aurkariei aurre egiteko burdinazko barra bat erabiltzea egotzita (Fiskaltzak 2 urteko kartzela-zigorra eskatu du harentzat), eta beste bi gizon (isun bana ezartzea eskatu du).
Zehazki, 2020ko irailaren 5ean jazo zen liskarra, Ertzaintzak orduan adierazi zuenez, marihuana plantazio batean lapurtzen saiatzearekin lotuta. Gertakari horren harira lau pertsona atxilotu zituzten, horietako bat tiroen erantzuletzat jo zuten Santurtziko 35 urteko gizon bat.
Fiskaltzak 31 urteko kartzela-zigorra eskatu du harentzat, baina aringarri gisa aitortu dio borrokan sentitu zuen "beldurra", horrek "suzko arma bat erabiltzera" bultzatu ahal izan zuela iritzita.
Beste hiru auzipetuak lesio-delituen erantzuletzat jo ditu. Hala, 2 urteko kartzela-zigorra eskatu du Ministerio Publikoak burdinazko barra bat erabili zuen emakumearentzat, eta isunak beste bi auzipetuentzat.
Tiroketan, bost pertsona zauritu ziren, horietako hiru tiroz, 17 urteko gizon bat tartean.