Politika -

EPAIKETA

3 urte eta 9 hilabeteko zigorra ezarri diote baserri baten aurka tiro egin zuen Amurrioko polizia ohiari

Epaiketaren aurretik, hiru aldeak akordio batera iritsi dira. Gertakariak 2019an jazo ziren, pistolaz egindako tiro batek baserri bateko leihoa zeharkatu zuenean. Baserri horren fatxadan kartel bat zegoen zintzilik, desagertutako ETAko presoak hurbiltzea eskatzeko.

9 milimetroko bala bat jaurti zuen Lezama auzoko baserri baten aurka. Argazkia: aiaraldea.eus
9 milimetroko bala bat jaurti zuen Lezama auzoko baserri baten aurka. Argazkia: aiaraldea.eus
9 milimetroko bala bat jaurti zuen Lezama auzoko baserri baten aurka. Argazkia: aiaraldea.eus

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Auzitegiak hiru urte eta bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri dio Amurrioko polizia ohi bati, baserri bateko leihoaren kontra tiro egitea egotzita. Egileari hogeita hamar bat arma, jaurtigaiak eta hegazkin-bonba bat ere atzeman zizkioten etxea miatu ziotenean.

Astearte honetan zen hastekoa epaiketa, baina, saioaren aurretik, hiru aldeek, Fiskaltzak (akusatuarentzat zazpi urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatzen zuen), akusazio partikularrak (13 urte eta erdikoa) eta defentsak adostasun-akordioa lortu dute, bi ordu baino gehiago negoziatzen egon ondotik.

2019ko Errege Egunean gertatu zen ezbeharra. Egun hartan, akusatuak 9 milimetroko bala bat jaurti zuen Amurrioko Lezama auzoko baserri baten aurka. Baserri horren fatxadan kartel bat zegoen zintzilik, desagertutako ETAko presoak hurbiltzea eskatzeko.

79 urteko gizona tiroaren ustezko egile gisa identifikatu zuten, eta egun batzuk geroago atxilotu zuten. Gizonak mendian ezkutatu zuen erabilitako pistola, harri batzuen ondoan egindako zulo batean. Une horretan, akusatuak ez zuen pistola hori erabiltzeko arma lizentziarik, 2018ko otsailean kendu baitzioten.

Ertzainek hogei artilleria-jaurtigai baino gehiago aurkitu zituzten susmagarriaren etxebizitza miatzean, hegazkin-bonba bat barne (jatorrizko kargarekin), eta hainbat munizio, nahiz eta ia guztiak "egoera kaskarrean" egon. Horrez gain, 30 pistola, karabinak eta subfusilak ere aurkitu zituzten, gehienak egoera txarrean. 

Adostasunarekin, akusatua bi deliturengatik zigortu dute: bata, arina, tiroak eragindako kalteengatik, 180 euroko isuna eta 200 euroko kalte-ordaina, eta, bestea, aipatutako gerra-armak gordetzeagatik. Delitu horrengatik hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zaio, gehi sei urte eta bederatzi hilabeteko zigor gehigarri bat, armak eduki eta eramateko eskubideaz gabetzekoa.

Epaiketa aurretik akusatuak berretsi du ez zirela gerrako armak eta erabiltezin zeudela. Alderdien arteko akordioaren ondoren, epaia irmoa da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Politika Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak bideoak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Aiarako kuadrilla