Gizartea -
Abisu meteorologikoak
Abisu horiak prezipitazio handiengatik, gauerdira arte, eta alerta laranja Nafarroa hegoaldean
18:00etatik gauerdira, denean izango da abisu horia, 15-20 litro pila bailitezke ordubetean, eta ekaitza lehertu eta txingorra egin lezake, barnealdean bereziki. Igande goizaldean, kostaldean izango da prezipitazio handiena, eta 40-50 litro ere pila litezke zenbait lekutan.
EITB Media
Abisu horiak ezarriko dituzte Euskalmetek, Aemetek eta Meteo Francek asteburu osoan, euri asko egiteko arriskuagatik.
Larunbatean, abisu horia izango da Hego Euskal Herrian, 18:00etatik gauerdira, prezipitazio handiak izango direlako; ordubetean 15-20 litro pila litezke. Zaparrada ertainak botako ditu, eta baliteke zenbait tokitan handiak eta trumoitsuak izatea, baita txingorra egitea ere.
Larunbatean, ekaitz arriskua handiagoa izango da, arratsaldean barnealdean eta azken orduetan kostaldean bereziki.
Nafarroa hegoaldean, alerta laranja izango da 15:00etatik gauerdira, euri zaparrada handiak espero baitira.
Meteo Francek ere abisu horia iragarri du Ipar Euskal Herrirako, larunbateko 16:00etatik aurrera, ekaitzak espero baitira. Igande goizean ere izango dira zaparrada trumoitsuak.
Larunbatetik iganderako gauean egingo du gehien, eta ez da baztertzen ordubetean 40-50 litro ere botatzea zenbait lekutan.
Igandean, EAEn, 09:00ak arte izango da prezipitazio handiak izateko arriskua. Zaparrada ertainak izango dira, eta zenbait tokitan handiak eta trumoitsuak, isurialde atlantikoan eta ekialdean gehienbat.
Nafarroan, eguerdira arte luzatu du Aemetek abisu horia, goizean euria egingo baitu, eta ordubetean 40 litroraino pila daitezkeelako zenbait tokitan.
Eguraldia
Gaur arratsaldean, giroa ezegonkortuz joango da eta ekaitz gogorrak izan litezke zenbait lekutan gauean. Goizean, berriz, giro nahiko lasaia izango da eta ostarteak irekiko dira; baliteke zaparrada bakanen bat izatea. Arratsaldeak aurrera egin ahala, ordea, zaparradak botatzeko probabilitatea handiagoa izango da eta trumoi-ekaitzak edonon jo dezake. Zenbait lekutan, zaparrada handiak izan daitezke, eta baliteke txingorra egitea; zaparrada mardulenak barnealdean botako ditu hasieran eta kostaldean gauean. Ipar-haizea nagusituko da, eta arratsaldean, ekaitzekin, zakartu egingo da. Tenperatura maximoak jaitsiko egingo dira, batez ere barnealdeko eskualdeetan.
Euria eta ekaitzak izango dira protagonistak igande goizaldean eta goizean goiz. Zaparrada handiak izan daitezke, batez ere goizaldean, eta etengabe egin dezake euria isurialde atlantikoan. Eguerdirako, oro har, giroa baretuz eta atertuz joango da; hegoaldean atertuko du lehenengo eta gainerako lekuetan arratsaldean. Tenperatura nabarmen jaitsiko da, eta maximoak 18-20 ºC-ren bueltan geldituko dira. Iparraldeko eta ipar-mendebaldeko haizea bizi-bizi ibiliko da, batez ere kostaldean eta Ebro ibarrean.
Giro fresko eta motela espero da batez ere ipar partean astelehenerako. Ipar-mendebaldeko haizeak hodei dezente bultzatuko ditu, eta hodeitza trinkoagoa izango da eta euri pixka bat egin dezake tarteka isurialde atlantikoan; hegoaldean, berriz, giroa argiagoa izango da eta urdinguneak gailenduko dira Ebroko haranean. Ipar-mendebaldeko haizeak giroa freskatuko du, eta maximoak 15-20 ºC-koak izango dira.
Asteartean eta asteazkenean, euria egiten jarraituko du, eta ostegunetik aurrera atertuko duela dirudi.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.