Gizartea -

Ingurumenaren Munduko Eguna

Bost urte baino gutxiagoan gainditu liteke Parisko Akordioaren tenperatura-muga

Munduko Meteorologia Erakundearen arabera, 2024 eta 2028 urteen artean baliteke munduko tenperaturek batez beste 1,5 graduko igoera pilatzea.

Chingaza, Kolonbiako Parke Natural Nazionala. Argazkia: EFE
Chingaza, Kolonbiako Parke Natural Nazionala. Argazkia: EFE
Chingaza, Kolonbiako Parke Natural Nazionala. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2024 eta 2028 urteen bitartean baliteke munduko tenperaturek batez beste 1,5 graduko igoera pilatzea. Parisko Akordioaren arabera, ordea, aurreikusitako tenperatura-muga hori ez litzateke mende honetan gainditu behar, are larriagoak izan daitezkeen klima-aldaketaren ondorioak saihesteko, Munduko Meteorologia Erakundeak ohartarazi duenez.

Nazio Batuen Erakundeko (NBE) meteorologia agentziak asteazken honetan argitaratutako txostenaren arabera, datozen bost urteetan, behin gutxienez, batez besteko tenperatura-muga hori gaindituko da, industriaurreko aroan jasotakoekin alderatuta (1850-1900).

Horrez gain, litekeena da hurrengo bost urteetako batean erregistratuta dagoen historiako tenperatura beroena gainditzea, 2023ko marka hautsiz, non tenperaturen batez besteko igoera 1,45 gradukoa izan zen. Datu hori ere 2015eko Parisko Akordioan ezarritako mugan zegoen.

Munduko Meteorologia Erakundeak azpimarratu duenez, asteazken honetan argitaratutako datuak planetak duen arriskuaren "oroigarri krudela" dira. "Parisko Akordioan aurreikusitako 1,5 graduko tenperatura-muga gero eta sarriago gainditzen ari gara", ohartarazi du Ko Barrettek, MMEko idazkariorde nagusiak, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean zabaldutako txostenaren berri emateko agerraldian.

Ondorioak tenperatura-muga gainditu gabe sumatu daitezke, gero eta bero-bolada sarriago eta gogorragoekin, lehorteekin zein ekaitzekin. Gainera, itsas-mailaren igoerekin batera glaziarrak ziztu bizian urtzen ari dira.

Aldaketa klimatikoaren aurkako neurriak eskatu ditu Guterresek

Testuinguru horretan, munduko potentziek klima aldaketaren aurkako borrokan konpromiso handiagoa izan behar dutela adierazi du Antonio Guterres Nazio Batuen idazkari nagusiak. "Egungo agintariek hartzen dituzten edo hartzen ez dituzten erabakien mende dago dena, eta hurrengo 18 hilabeteak bereziki erabakigarriak dira. Neurriak hartzeko ordua da", adierazi du Guterresek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa 2024 Denboraleak NBE Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Ingurumena Larrialdi klimatikoa 2024 NBEren klimari buruzko goi-bilera