Gizartea -
Osasuna
Nafarroako osasun publikoko itxaron zerrendak nabarmen txikitu dira maiatzean, Osasun kontseilariaren hitzetan
"Batzuek diotena gorabehera, Nafarroako osasun publikoa aparta da", esan du, "eta hori ez da gure departamentuko goi karguen merezimendua, egunero bertan lanean ari diren profesionalena eta kolore guztietako gobernuek eraiki duten kudeaketa eta antolamenduarena baizik".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nafarroako Osasun kontseilari Fernando Dominguezek iragarri du maiatzean nabarmen txikitu direla itxaron zerrendak, eta irailetik jasotako datu onena espero dutela hilabete honen bukaeran.
"Azken orduetan aldaketarik egon ezean, datu onarekin itxiko dugu maiatza, aurkeztutako neurri guztiak martxan ditugulako, eta sistema ia % 100ean dagoelako", iragarri du, nahiz eta onartu duen ezin izan duela legealdi hasieran hitzemandakoa bete, hots, hilabetetik hilabetera itxaron zerrendetan 1.000 pertsona gutxiago egotea. "Datu berriok erakusten dute nik agindutakoa posible dela", erantsi du,
Bermeen Legea ez betetzeagatik jaso dituen kritikei buruz esan du "beharbada lege hori eguneratzea eta erabilgarri bihurtzea" dela egokiena, "gaur egungo egoerak ez baitu zerikusirik 2008koarekin —onartu zuten urtea—".
Dominguezek onartu du Lehen Arretan egon badaudela "arazoak" dituzten zentroak, baina bidegabetzat jo du egoera hori orokortzea, "beste zentro batzuk ongi funtzionatzen ari direlako, eta larrialdiak unean bertan artatzen dituztelako".
"Batzuek diotena gorabehera, Nafarroako osasun publikoa aparta da", esan du, "eta hori ez da gure departamentuko goi karguen merezimendua, egunero bertan lanean ari diren profesionalena eta kolore guztietako gobernuek eraiki duten kudeaketa eta antolamenduarena baizik".
Aurrekontuaren afera mintzagai hartuta, nabarmendu du "zentzugabea dela, Osasunera inoizko diru gehien bideratuko dela kritikatzea, osasunean ez delako gastatzen, inbertitu baizik, eta horretarako dirua behar delako, urtean-urtean gehiago".