Gizartea -
AFGANISTAN
Araceli Tamayo "egonkor" dago eta "pronostiko larria" du
Gaineratu dutenez, bere egoeraren larritasuna dela eta, Tamayo sedatuta eraman behar izan dute hegazkinean, eta horrela jarraitzen du ospitaleko suspertze arean.
EITB MEDIA
Afganistango atentatuan larri zauritutako Araceli Tamayo bilbotarraren osasun egoera "egonkorra" da, baina "pronostiko larria du", Basurtuko Ospitaleko mediku taldeak asteazken honetan jakinarazi duenez.
Gaineratu dutenez, bere egoeraren larritasuna dela eta, Tamayo sedatuta eraman behar izan dute hegazkinean, eta horrela jarraitzen du ospitaleko suspertze arean.
Bilbotarra etxera ekarri duen hegazkinak 17:20an lur hartu du Bilboko aireportuan. Lehen azterketa baten ondoren, 82 urteko emakumea Basurtuko Ospitalera eraman dute aseguru-etxeak berak jarritako anbulantzia medikalizatu batean.
Bestalde, Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko Atzerri Gaietako ministroak esan duenez, atentatuan hildako hiru kataluniarren gorpuen aberriratzea "lehenbailehen" egitea espero dute. Goizean, Espainiako Gobernuko iturriek baieztatu dute zendutako hiru turistek "bidaia-asegurua" kontratatuta zutela, eta aberriratze gastuak ordaintzea aseguru-etxeei dagokiela.
Bamiyan hirian izan zen erasoa. Hiru kataluniarrez gain, beste hiru afganiar ere hil ziren. Estatu Islamikoak hartu zuen bere gain atentatuaren egiletza, igandean zabaldutako ohar batean.