Gizartea -
AFGANISTAN
Afganistanen larri zauritutako euskal herritarra Bilbora bidean da jada
Araceli Tamayo aberriratuko duen hegazkin medikalizatua 17:00ak aldera iritsiko da Bilboko Aireportura eta handik, segur aski, Basurtuko ospitalera eramango dute. Osakidetzak Bizi Euskarri Aurreratuko anbulantzia bat prest izango du, beharrezkoa balitz erabiltzeko.
EITB MEDIA
Afganistango atentatuan larri zauritutako Araceli Tamayo bilbotarra etxera bidean da jada, haren aseguru-etxeak ordaindutako hegazkinak Kabuletik (Afganistan) aireratu baita. Aurreikuspenen arabera, 17:00ak aldera iritsiko da Bilboko Aireportura.
Senideek EITBri jakinarazi diotenez, Araceli "egonkor" dago, baina larri.
82 urteko bilbotarra aberriratuko duen hegazkinak ibilbide luzea du tankera honetako osasun desplazamenduetan. Abioi hori bera erabili zuten 2022an covid-19ak jotako Abdelmadjid Tebboune Aljeriako presidentea Alemaniara eramateko, eta urtebete geroago Brahim Gali Fronte Polisarioko buruzagia bertan eraman zuten Iruñetik Aljeriarako bidean, eta Espainiaren eta Marokoren arteko krisi diplomatiko betean.
Osakidetzak Araceli Tamayori osasun arrera bermatzeko protokoloa prestatu du, arratsaldean Kabuletik Bilbora iristen denerako. Aurreikuspenak betetzen badira, 17:00ak aldera lur hartuko du hegazkinak Bilboko Aireportuan eta aseguru etxeak berak jarritako anbulantzia batean Basurtuko Unibertsitate Ospitalera eramango dute.
Hala ere, eta gaixoaren osasun egoerak hegaldian zehar okerrera egingo balu, Osakidetzak Bizi Euskarri Aurreratuko (BEA) anbulantzia bat prestatu du beharrezkoa balitz erabiltzeko.
Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko Atzerri Gaietako ministroak esan duenez, atentatuan hildako hiru kataluniarren gorpuen aberriratzea "lehenbailehen" egitea espero dute. Goizean, Espainiako Gobernuko iturriek baieztatu dute zendutako hiru turistek "bidaia-asegurua" kontratatuta zutela, eta aberriratze gastuak ordaintzea aseguru-etxeei dagokiela.
Bamiyan hirian izan zen erasoa. Hiru kataluniarrez gain, beste hiru afganiar ere hil ziren. Estatu Islamikoak hartu zuen bere gain atentatuaren egiletza, igandean zabaldutako ohar batean.
Albaresek nabarmendu du "Espainiak terrorismoaren kontrako borrokan" lanean jarraituko duela. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ikerketa zabaldu zuen, gertatutakoa argitzeko.