Gizartea -
telelaguntza zerbitzua
BetiON zerbitzuarekin iruzurra egin nahian ari diren telefono deiez ohartarazi du Jaurlaritzak
Telelaguntza zerbitzua "65 urtetik gorakoentzat derrigorrezkoa" dela esaten duten deiak jasotzen ari dira herritarrak. Jaurlaritzak gogorarazi du zerbitzua hautazkoa dela eta iruzurgileek erabiltzaileen datu pertsonalak edo bankukoak eskuratzeko helburua besterik ez dutela oharatarazi du.
EITB MEDIA
BetiON telelaguntza zerbitzua publikokoaren izenean "iruzurrezko telefono deiak" egiten ari direla ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak, itxura guztien arabera, herritarren "banku-datuak lortzeko" helburuarekin. Esan dutenez, dei horietan telefonoa hartzen duenari esaten zaio betiON zerbitzua "nahitaezkoa" dela 65 urtetik gorakoentzat.
Goizean zabaldutako ohar batean, Jaurlaritzak gogorarazi du "inondik ere" ez dela derrigorrezkoa telelaguntza zerbitzua, eta zehaztu du "profil jakin batzuei zuzenduta" dagoela: batez ere, zerbitzuaren erabiltzaileak dira bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonak eta mendekotasun egoeran edo arriskuan dauden herritarrak.
Iruzur saiakerak atzeman ondoren, prebentzio neurriak indartu ditu betiONek, eta lapurretei edota iruzurrei buruzko informazioa zabaltzen ari dira egunotan erabiltzaileen artean. "Helarazten diegun mezurik argiena da zalantzarik izanez gero eta deitzen dutenak gu ez garela sumatuz gero, botoi gorria sakatzea, deia guk egin dugun ala ez egiaztatzeko", esan du Iñigo Mijangos betiON zerbitzuko arduradunak.
Halaber, erabiltzailea ez den pertsonaren batek jaso duen deiaren inguruan "zalantzak" baditu, elkarrizketa "berehala etetea" eta Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzara deitzea (945 016 364/945 016 362) aholkatu du Mijangosek.
Egun, 76.000 erabiltzaile baino gehiago ditu telelaguntza zerbitzu publikoak, eta lautik hiru emakumeak dira. Erabiltzaileek batez beste 80 urte dituzte, eta gehienak bakarrik bizi diren emakumeak dira.