Gizartea -
Istripua
Lau lagun zauritu dira Arantza parean autobus baten eta auto baten arteko istripuan
Ezbeharra 10:58an gertatu da, NA-4020 errepidean. Bi ibilgailuek talka egin dute, eta autoan zihoazen lau pertsonak ospitalera eraman behar izan dituzte. Horietako bat, kolpe larriak dituen 19 urteko gizonezko bat, helikopteroan eraman dute.
EITB Media
Lau pertsona zauritu dira larunbat goizean NA-4020 errepidean, Arantzan, auto batek eta autobus batek talka eginda.
SOS Nafarroako 112 Larrialdiak Kudeatzeko Zentroak 10:58an jaso du istripuaren berri, eta Oronozko Parkeko suhiltzaileak, Lesakako mediku-taldea, helikoptero medikalizatu bat, oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzia bat eta Foruzaingoaren trafiko-patruilak bidali ditu istripuaren tokira.
NA-4020 errepideko 5,5 kilometroan gertatu da ezbeharra, Arantzako udalerrian, bi ibilgailuek talka egin dutenean.
Ondorioz, lau pertsona eraman behar izan dituzte ospitalera, guztiak ere autoan zihoazenak. Horietako bat, kolpe larriak dituen 19 urteko gizonezko bat, helikopteroan eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera.
Beste hirurak oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzian eraman dituzte Irungo Ospitalera. 54 urteko gizon bat arin, zerbikalgiarekin; 49 urteko emakume bat, politraumatismoekin, pronostiko erreserbatuarekin; eta 14 urteko adingabe bat, klabikulan min hartuta, pronostiko erreserbatuarekin.